puan-kritika-zinea

Zuzendaria: María Alché eta Benjamín Naishtat

Urtea: 2023

Herrialdea: Argentina

Lehen begiratuan komedia arina dirudien PUANtrama filosofiko sakon eta dibertigarria bilakatuko da metrajeak aurrera egin ahala, protagonista talde bikain baten ekarpenari esker. Donosti Zinemaldira egindako itzuleran -hiru aldiz saritutako Rojo (2018) aurkeztu zuen 67. edizioan-, Maria Alche izan du lagun Benjamin Naishtatek, ikuspegi umoretsu eta malenkoniatsu batetik, kultura gero eta indibidualistago batean bizirauteko arteari buruzko gogoeta proposatzeko.

Marcelo protagonistak bizi osoa eskaini dio Puaneko Filosofia Fakultatean eskolak emateari. Ez da harritzekoa, hortaz, bere mentorea zen Caselli irakaslea ustekabean hiltzen denean, Marcelok pentsatzea hutsik geratu den Katedraren jabegoa oinordetzan hartuko duela. Naturala zirudien aldaketa horrek, ordea, norabide berri bat hartuko du Rafael Sujarchuk kide karismatiko eta limurtzailearen agerpenarekin. Marcelok hautagairik onena dela erakusteko egiten dituen ahalegin baldarrek duelu filosofiko dibertigarria eragingo dute, bere bizitza eta herrialdea kaos zurrunbiloan sartzen diren bitartean.

Argentinarrek umorea darabilte, edozein ikuspegitara, pikutara doan gizarte garaikidean filosofiak duen balioa aldarrikatzeko, eta badu meriturik hartutako arriskuak. Bikain eraikita daude pertsonaia guztiak, karikatura orekatuak dira, eta kolpe inteligenteak ugariak dira gidoiaren idazketan. Filmaren agerpena sorpresa atsegina izan zen gai eta genero aldetik ilun-samarra suertatu zen  71. Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialeko programazioan.

Komedia filosofikoa da, baina hori baino askoz gehiago ere bai. Hezkuntza publikoaren aldeko aldarria da, Argentinan ospatu berri diren hauteskundeen aurrean dimentsio berri bat hartzen duen film politikoa.