Kresala Zinekluba-apirila-zinea

Giza Eskubideen Zinemaldiarekin elkarlanean atondutako doako saio berezi batekin abiatuko dute egitaraua, Donostiako Principe aretoan. Hurrengo egunean, Felipe Gálvez zuzendari txiletarrak Los Colonos filma aurkeztuko du. Ohi bezala, ZINEAn sarrera bikoitzak zozkatuko ditugu Trueba aretoan egingo dituzten saioetara bertaratzeko.

Aste Santuko oporraldiei hasiera emango diete askok gaur, eta datozen egunetan atseden hartzeko aprobetxatuko dute. Ez ordea Kresala Zineklubeko kideek, martxoa bukatzearekin batera datorren hilabeterako eskaintza aurkeztu baitute.

Apirilaren 8an, saio zinez berezi batekin berrartuko dute jarduna, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiarekin lankidetzan atondutako saioa izango dena. Principe aretoan, The Tower (Mats Grorud, 2018) animaziozko filma pantailaratuko dute, euskarazko azpitituluekin. UNRWA Euskadi elkarteko kidea den Macarena Arrieta gonbidatuko dute osteko solasaldira; sarrera doan da.

Beirut, Libano, gaur egun. Wardi neska palestinar bat da, hamaika urtekoa, eta bere familiarekin bizi da jaio zeneko errefuxiatuen esparruan. Bere birraitona maitea, Sidi, bertan ezarritako aurrenetako bat izan zen, 1948an bere etxetik bota zutenetik. Sirik bere bilobari Galileako haren etxe zaharraren giltzak ematen dizkion egunean, neska beldur da hark ez ote duen galdu egunen batean itzultzeko itxaropena. Esparruan, aitonarengan itxaropena pizten saiatu bitartean, testigantzak jasotzen dihardu Wardik belaunaldi batek baino gehiagok osatutako bere senideen artean.

Hurrengo egunean, astearteroko ohiko saioak abiatuko dituzte. Tabakalerako Ikusmira Berriak programan egoiliar dabilen Felipe Gálvez txiletarrak Los Colonos (2023) lana aurkeztuko du bertatik bertara Trueba aretoan: Txile, XX. mendearen hasieran. Lurjabe aberats batek hiru zaldiko kontratatuko ditu bere jabetza zabal-zabalaren perimetroa mugatu eta Patagonia handian zehar Ozeano Atlantikorako bide bat irekitzeko. Txileko mestizo gazte batez, mertzenario amerikar batez eta teniente britainiar ausart batez osatutako espedizio hori erasoaldi “zibilizatzaile” bihurtuko da laster.

KRITIKA | LOS COLONOS: Odolez bustita dago etorkizuneko Txile

Apirilaren 23an, astebeteko atsedenaldiaren ostean, El Contraplano atariko Iñaki Ortiz zinema kritikariak Vincent doit mourir (Stéphan Castang, 2023) aurkeztuko du, Sitgesko Nazioarteko Zinemaldian zuzendari berri onenaren eta gizonezko aktore onenaren sariak irabazi zituena: Vincent inguratzen duen jendearen erasoak jasaten hasi da, itxurazko arrazoirik gabe. Bere eguneroko aspergarria irauli egingo da eta, indarkeria gora egiten duela ikusita, ihes egitea beste erremediorik ez du. Baina nora?

Azkenik, apirilaren 30ean, Shortcoming (Randall Park, 2023) film estatubatuarra egongo da ikusgai: Ben Tanaka, Miko Hayashi eta Alice Kim, Badia Eremuko hirukote gazte bat, harreman pertsonalen ezberdinetatik nabigatzen ari dira, konexio idealaren bila herrialdea zeharkatuz.

Donostiako Gros auzoko Trueba zinema-aretoan egingo dituzte emanaldiak, asteartetan, 19:30etik aurrera. Ohi bezala, ZINEAn sarrera bikoitza zozkatuko dugu saio bakoizterako (apirilaren 8koa salbu). Parte hartu ondoko estekan.