Euskaraz errodatutako lau zehaztu dituzte arduradunek; guztira, sail ofizialean nazioarteko 22 lan erakutsiko dituzte. Fantastikoaren Izarra Saria Pedro Olea zinemagile bilbotarrak jasoko du, eta Ohorezko FANT Saria Javier Botet aktore espainiarrak.

fant 2024

FANT – Fantasiazko Zinemaren Jaialdiak maiatzaren 3tik 11ra bitartean ospatuko du 30. urteurreneko edizioa, eta data hurbildu ahala ari dira apurka-apurka xehetasunak argitzen. Film laburren sail ofizialean lehiatuko diren nazioarteko 22 lanen berri eman dute, tartean, euskaraz errodatutako lau zehaztuaz: Betiko gaua (Eneko Sagardoy), Betizu buru (Kim Maiteny), Jende arrotza (Imanol Ortiz Lopez) eta Europa (Ekain Irigoien).

Horiekin batera, Conej Steps out (Pablo Río), Deadly Draw (Nitya López), Extrema gravedad (Lorenzo Ayuso), Feminancy (Uxuri Etxegia Etxebeste), Hado (Rubi Rock), Nada de nada (Gastón Haag), Ni lobos ni corderos (José Luis Acosta), To bird or not no bird (Martin Romero) eta elkarrizketarik gabeko animaziozko Txotxongiloa (Sonia Estevez) proiektuek osatuko dute euskal ekoizpenen zerrenda. Sail ofizialeko gainerako bederatzi film laburrak Ahora vuelvo (Lucasd Paulino eta Gabe Ibañes), Alicia (Tony Morales), La ley del más fuerte (Raul Monge), Los cómplices (Alberto Evangelio), Mi zona (Cristian Beteta), Prends Chair (Armin Assadipour), Shé / Snake (Renee Zhan), Stop Dead (Emily Greenwood) eta White Ant (Shalini Adnani) dira.

Filmok ikusi eta baloratzeaz Ana Hormaetxea (Nafarroako Unibertsitatean Ikus-Entzunezko Komunikazioan lizentziaduna eta gidoilaria), Chris Oosterom (Amsterdamgo Imagine Fantastic Film Festivaleko zuzendaria eta hainbat jaialditako programatzailea), eta Araceli Péres-Rastrilla (ekoizlea eta Espainiako Zinema Akademiako kidea) arduratuko dira.

Bestalde, Panorama Fantastikoa Laburrean sailean 1.500 euroko saria irabazteko aukera izango dute ondorengo lanek: 4 angelitos (Julio Martí Zahonero), 7HZ (Maria Hatzakou), Apotemnofilia (Jano Pita), El padrastro (José Casas), Fin de tramo (Roberto Montalbo), Honk (Charles Lauzirika), IK Ben Geen Robot (Victoria Warmerdam), The Steak (Kiarash Dadgar) eta Uranites (Marina Arenas).

Epaimahaia Tamara Garcia Iglesias ekoizle eta zinemagileak, Marta Salvador hainbat zinema jaialditako zuzendariak, eta Oscar Salazar Asturiasko Zinema Musika Elkartearen kidea eta Soundtrak! Aldizkarirako Espainiako korrespontsalak osatuko dute.

Omenduak eta berrikuntzak

Jaialdiko arduradunek azaldu dutenez, 30. edizio honetan, aurrenekoz Gazte Epaimahaia eratuko dute, Euskal Herriko Zinema Eskolaren lankidetzarekin. Bada, sail ofizialeko film luze onenaren sarietako bat erabakitzeko eskumena izango du. Era berean, 2024ko aitortza bereziak ere jakinarazi dituzte.

Fantastikoaren Izarra Saria Pedro Olea zinemagile bilbotarrak jasoko du, besteak beste, No es bueno que el hombre esté solo (1973), La casa sin fronteras (1972) eta El bosque del lobo (1970) zuzendu dituena.

Gainera, Ohorezko FANT Sariarekin aitortuko dute Javier Botet aktore ezagun eta entzutetsua. Botetek 2005ean egin zuen debuta Brian Yuzna zuzendariaren Beneath Still Waters (2005) lanean, baina bere ibilbideak [REC] (2007) filmean (eta ondorengo sagan) egin zuen eztanda: Mama (2013), Las brujas de Zugarramurdi (2013), Magical Girl (2014), Crimson Peak (2015), The Conjuring 2 (2016), El guardián invisible (2017), The Mummy (2017), It (2017), Slender Man (2018), Insidious: The Last Key (2018), Ventajas de viajar en tren (2019), Scary Stories to Tell in the Dark (2019) eta Malasaña 32 (2020) lanetan parte hartu du. Gainera, 2013an Al final todos mueren pelikula kolektiboaren zati bat idatzi eta zuzendu zuen, eta 2019an Amigo (2019) filmaren gidoilarietako bat izan zen, baita protagonista ere.