Zinemagile donostiarra fikziozko film luzeak garatzera begira antolatutako ScriptLab programan aritzeko aukeratu dute. Apiriletik azaroa bitartean garatuko da, eta guztira, 23 partaide izango ditu.

torino film lab-mikel gurrea-zinea

2023an Berlinale Talents komunitatearen parte izan ostean, Italia aldea jarraituko du bere bidea Mikel Gurreak. Sants proiektua proposatu du TorinoFilmLab 2024 laborategiko ScriptLab programan, eta aukeratu egin dute. Guztira, 612 proiektu aurkeztu dituzte, eta azkenerako 20 herrialdetako 23 kidek osatuko dute aurtengo edizioa.

Apirilean hasiko du Gurreak fikziozko film luzeak garatzeko asmoz sortutako egonaldia, eta aste bana emango du ekainean eta azaroan ere. Aldiz, online moduluak jarraituko ditu irailean eta urrian. Gidoien jarraipena egiten nazioarteko adituak izango ditu sortzaile donostiarrak, hala nola, Séverine Cornamusaz, Miguel López Beraza, Aleksandra Swierk edota Selina Ukwuoma.

Gurrearen filmografia

Universitat Pompeu Fabran Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi ondoren, 2016an hasi zen Gurrea bere lehen film luzearen proiektua garatzen, Ikusmira Berriak programaren egoiliar gisa; sei urte geroago 70. Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu zuen Suro, Fipresci saria, Euskal Zinemaren Irizar saria eta Euskal gidoigileen elkartearen saria eskuratuz. Katalanez errodatuta, filmak landa-ingurura bizitzera joango den bikote baten istorioa kontatzen du; bizitza berri bat eraiki nahi dute artelatz-basoetan barna, baina lurrean bizitzeko moduari buruzko ikuspuntu ezberdinak dituztenez, beraien etorkizuna kolokan jarriko da.

Aurretik, Veneziako Mostrako Orizzonte sailean erakutsi zuen Heltzear film laburra, 2021eko Kimuak katalogoaren parte dena. Donostia Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailean ere lehiatu zen, urte berean.