XXII. Premios Mestre Mateo sarietan zazpi aitortza jaso ditu jaiotzez donostiarra den zinemagilearen bigarren film luzeak.

O corno galizia sariak-zinea

Donostia Zinemaldiko Urrezko Maskorra irabazi ostean, Jaione Camborda zinemagile donostiarrak han eta hemen erakutsi du O Corno filma. Espainiako Estatuko sariketa-ekitaldietan presente egon da, baina bart jo du goia. Academia Galega do Audiovisual erakundearen gaualdi handian zazpi sari lortu ditu, hitzorduko garaile nagusia izanik.

Film luze onena, zuzendaritza onena, gidoi onena, arte zuzendaritza onena, makillaje eta ile-apainketa onena, soinu onena eta jantziteria onena bereganatu ditu Coruñako Coliseum jauregian ospatu diren XXII. Premios Mestre Mateo sarietan.

KRITIKA | O CORNO: Aurpegi zorrotzak, esku zimurtsuak, larruazal hautsiak

Arima (2020) film luzearekin debuta egin ostean, Donostian jaiotako zinemagileak hirian bertan aurkeztu zuen bere bigarren film luzea, 71. Donostia Zinemaldiko sail ofizialean. Galizieraz eta portugesez errodatuta, lurraldeko landa eremuan girotuta dago, 1970eko hamarkada hasieran. Erditzeetan laguntzen aritzen den Maria (Janet Novás) du protagonista, gertaera ikaragarri baten ondoren, bizi den uhartetik ihes egin beharko duena.

Esnatu Zinema, Miramemira eta Elastica Films ekoiztetxeen arteko koprodukzioa da O Corno, eta hainbat programa zein laborategitan parte hartuz garatu du. Besteak beste, Ikusmira Berriak, Torontoko Filmmaker Lab edota Madrilgo ECAM eskolako Incubadora programan. ICAAren parte hartzea du proiektuak.