Londresko Zinema Espainiarraren Jaialdiaren baitan, udaberriari ongietorria emango diote hamahirugarrenez, urteko zinema uzta onena eskainiz. Apirilaren 12tik 14ra bitartean sei film pantailaratuko dituzte South Kensingtongo Ciné Lumière zinema aretoan, eta bizilagun britainiarrek Euskal Herriko ekoizpena duten zenbait lan ezagutuko dituzte.
Mostra abiatzeko, Victor Erice zinemagile karrantzarraren itzulerako lana emango dute, 19:00etan: Cerrar los ojos. Michel Gaztambiderekin batera idatzi du gidoia, eta Jose Coronado, Ana Torrent, María León zein Petra Martínez ditu aktore. 2012an ekingo dio istorioak, telebista programa bat zinema zuzendari beterano batekin harremanetan jarriko denean. Bukatu gabe utzi zuen bere bigarren film luzea hizketagai dutela, sortzaileari iraganeko oroitzapenek emozio-andana azaleraziko dizkiote, eta bertan aktore izan zuen lagunarekin berriz elkartzeko nahia piztuko zaio.
KRITIKA | CERRAR LOS OJOS: Begiradek inbokatutako mamuak
Hurrengo egunean, 16:00etan, AEBko aireportuetako immigrazio kontrol zorrotzak aztergai dituen Upon Entry (Alejandro Rojas eta Juan Sebastián Vásquez) thriller psikologikoa egongo da ikusgai, Basque Films ekoiztetxe bilbotarraren babesa daukana eta nazioartean sariak pilatu dituena. Ondokoa kontatuko du: Diego, hirigile venezuelarra, eta Elena, Bartzelonako dantzari garaikidea, Estatu Batuetara joango dira bizitza berri bati ekiteko, bisa onartuak izanik. Alabaina, Newarkeko aireportuko immigrazio-alorrean sartzean, bigarren mailako ikuskapenerako gelara eramango dituzte. Bertan, mugako bi agentek ikuskapen-prozesu bat eta psikologikoki nekagarria den galdeketa bat egingo diete, bikoteak ezkutatzen duen zerbait ote duen jakin nahian.
Apirilaren 13an, bertan, 18:15ean, Itsaso Arana zinemagile nafarraren Las chicas están bien opera prima emango dute, eta ostean, Itziar Manero aktore bilbotarrak ikus-entzuleen galderak erantzungo ditu zuzenean. Antzerkia eta fikzioa nahasten ditu filmak. Barbara Lennie, Irene Escolar, Helena Ezquerro eta Arana zuzendaria zein Manero bera ditu protagonista eta, generoak iradoki bezala, antzezlan bat hartzen du bere gain: emakume talde bat astebetez Nistal de la Vega Leongo herriko XVII. mendeko errota zahar batean elkartuko da, antzezlan baten entseguak egiteko. Denetariko elkarrizketak sortuko dira giro horretan, hamaika gairi buruzkoak: adiskidetasuna, antzezpena, maitasuna, zurztasuna, heriotza…
KRITIKA | LAS CHICAS ESTAN BIEN: Printzesak deseraiki egin behar dira
Eguneko hirugarren saioan Alvaro Gago espainiarraren Matria eskainiko dute (20:30ean), eta hurrengo egunean, apirilaren 14an, bi saiorekin agurtuko dute aurtengo ekitaldia. Batetik, 18:00etan, Victor Iriarte bilbotarraren Sobre todo de noche opera prima proposatuko dute, Veneziako Mostrako 20. Giornate degli Autori sailean aurkeztu zena. Duero ibaiaren ertzean topatzen diren berrogeita hamar urteko bi emakumeren (Lola Dueñas eta Ana Torrent ditu aktore) istorioa oinarri, hiru heriotza, bi lapurreta eta ihesaldi bat dituen genero beltzeko filma da.
KRITIKA | SOBRE TODO DE NOCHE: Indarkeria istorio bat da hau
Bestetik, 20:00etan, Silvia Munt zinemagile kataluniarrak Las buenas compañías 1977ko udara eramango gaitu, eta 16 urteko Bearen begiradatik, bizitzaren loraldian dagoen gazteriaren askatasun nahia izango du aldarri. Emakumeen eskubideen alde eta haurdunaldiak duintasunez eteten laguntzeko prest azaldu zen Errenteriako Emakumeen Taldearekin kolaboratzen du gazteak, eta odola berotzen dion errebeldia hori ustekabeko sentimendu batekin nahastuko da, eta zeharo aldaraziko du barnean duen mundua. Hilabete horietan zehar, Beak oso adiskidetasun berezia izango du Mirenekin, bera baino zaharragoa den neska batekin. Bere konpromiso politikoak eta Mirenekin duen harremanak bere bizitzan mugarri izango den etapa bihurtuko dute uda hori.
KRITIKA | LAS BUENAS COMPAÑÍAS: Askatasun sozial, politiko eta sexualaren defentsa