KIMUAK programaren 2024ko ediziora film laburrak aurkezteko epea zabaldu dute jada, apirilaren 21era bitarte. Nobedade gisa, izen-ematea aurkeztu berri duten web plataforma bidez gauzatu beharko da: www.kimuak.basqueaudiovisual.eus.

KIMUAK Eusko Jaurlaritzaren programa bat da, Etxepare Euskal Institutuaren eta Zineuskadiren bitartez egituratzen dena. Euskal film laburren sustapena eta banaketa ditu helburu, eta hautatutako lanak, Kimuak deiturapean, nazioarteko zinema jaialdi zein ospakizun garrantzitsuenetako bidaliko dituzte. Halaber, Euskadiko Filmategiaren lankidetza jasotzen du film laburrak Euskal Herrian proiektatzeko.

Aukeraketan parte hartu nahi duten zuzendari edo ekoizleek 30 minututik beherako iraupena duten lanak aurkeztu ahalko dituzte: parte-hartzaile bakoitzak nahi beste film labur aurkeztu ahal izango ditu, betiere 2022eko ekainaren 1etik aurrera osatutakoak badira.Bestalde, aurreko bi edizioetan bezala, Euskal Hirigune Elkargokoez gain, Nafarroako Foru Komunitateko euskarazko film laburrak ere onartuko dira. EAEko film laburren kasuan, edozein hizkuntzatan egindakoak izan daitezke, Nafar jatorrikoak, aldiz, soilik euskarazkoak.

Film laburrek estreinaldi komertzialik gabekoak izan behar dute. Era berean, adierazi dute zinemaldi baten testuinguruan plataforma publikoren baten bitartez hedatuak izan diren lanen onarpena ebaluatuko dela, betiere, lanok gehienez 25 zinemalditara aurkeztu izan badira.

Deialdiaren oinarriak eta izena emateko formularioa aurkeztu berri duten www.kimuak.basqueaudiovisual.eus webgunean daude eskuragarri, eta izen ematea ere bertatik gauzatu beharko da. Lanak aurkezteko azken eguna apirilaren 21a izango da, eta une horretatik aurrera, hautespen batzordea hasiko da lanean.