Amaia Merinok eta Ander Iriartek zuzendutako lanak sail ofizialean parte hartuko du. Apirilaren 12an Victoria Eugenia Antzokia egingo duten irekiera-ekitaldian, aldiz, El salto (Benito Zambrani) filma pantailaratuko dute.
Donostiako Giza Eskubiden Zinemaldiak 2024ko edizioaren aurrerapena egin du, eta iragarritako filmen artean, Indarkeriaren oi(h)artzunak proiektua ageri da, Amaia Merinok eta Ander Iriartek zuzendutakoa. Ondokoa kontatuko du: ETAk bere familia bahitu eta Estatuak aita torturapean hil eta 40 urtera, Tamara Muruetagoienak egiaren eta justiziaren bilaketa nekaezina egiten du. Tamarak, aurrez aurre, familiaren tragedia kontatzen du: iraultza zerga, ETAko talde batek 17 egunez bahitu izana, ondoren familia desegituratzea, estatuko makineriaren jazarpena, presio politikoa, epaiketa, aita eta amaren atxiloketa, torturak, hilketa… Baina baita bere bidea ere, egia jakitekoa, aitortzekoa, eta elkarrizketa erabiltzekoa gatazkak konpontzeko tresna nagusi gisa.
Apirilaren 12tik 19ra bitartean gauzatuko da zinema jaialdiaren 21. edizioa, eta hiriko agertokiak giza eskubideen aldarri bilakatuko dira beste behin. Pil-pilean dauden gaiak jorratuko dituzten filmak eskainiko dituzte, eta aipatutako Indarkeriaren oi(h)artzunak lanarekin batera, mundu osotik ekarritako film luzeak jarriko dituzte ikus-entzuleen saria eskuratzeko lehian. Oraindik sail ofizial guztiz argitu ez badute ere, hemen dituzue ikusgai izango diren lehen filmak:
- After Work (Erik Gandini) | Suedia-Italia-Norvegia
- Bye Bye Tiberias (Lina Soualem) | Frantzia-Palestina-Belgika-Qatar
- Green Border (Agnieszka Holland) | Polonia-AEB-Frantzia-Txekiar Errepublika-Belgika
- Indarkeriaren oi(h)artzunak (Amaia Merino eta Ander Iriarte) | Euskal Herria
- Matronas (Sages-femmes, 2023). Léa Fehner. Frantzia
- Photophobia (Ivan Ostrochovský eta Pavol Pekarčík) | Eslovakia-Txekiar Errepublika-Ukraina
- Kuru otlar üstüne / About Dry Grasses (Nuri Bilge Ceylan) | Turkia-Frantzia-Alemania
- Woman of… / Kobieta z… (Małgorzata Szumowska eta Michał Englert) | Polonia-Suedia
Ukrainiako eta Palestinako gatazken berebiziko tartea izango dute aurten ere. Izan ere, festibaleko arduradunek adierazi dute, Annemarie Jacir zinegileak komisariatuta, Palestinako film laburren hautaketa programatuko dutela, Hiam Abbas aktorearen bizitzaren kontakizuna biltzen dituena.
Irekiera-ekitaldiko filma
Benito Zambrano zinemagile andaluziarraren El Salto filmak abiaraziko du, apirilaren 12an, 21. Giza Eskubideen Zinemaldia. Victoria Eugenia Antzokian pantailaratuko dute, eta egun berean iritsiko da zinema areto komertzialetara ere. Saharaz hegoaldeko migratzaileek bizi duten egoera salatzen duen istorioa osatu du Zambranok, Europarako ateetatik igarotzeko ekiten dioten bidaia latza ez ezik, behin Europan sartzea lortu dutenean, bizitza duin bat lortzeko ekiten dioten borroka ere salatzen dituena.
Moussa Sylla eta Edith Martínez-Val dira aktore nagusiak, igeltsero lanetan dabilen Ibrahim eta Mariama protagonistak interpretatuko dituztenak. Poliziak Ibrahim atxilotuko du, eta erresidentzia baimenik ez duenez, bere herrialdera deportatuko dute. Une horretatik aurrera, bere helburu bakarra Espainiara itzultzea izango da, Mariamarekin eta jaiotzeko zorian den bere alabarekin elkartzeko. Afrika zeharkatzea lortu ondoren, Gurugu mendian ezartzen da beste batzuekin; Afrika Europatik banantzen duen immigranteen kanpamentu batean.
Zinemagileak “orain arte filmatu dudan film beharrezkoena” dela deritzo: “Nahi dugun gauza bakarra da ikusleak sentitzea, pateratan iristen diren edo edozein hesitatik salto egiten duten immigranteen irudi bakoitzaren atzean —egunkarietan edo albistegietan ikus daitezkeen horietan—pertsonak daudela, gizaki desesperatuak, etorkizun hobeago baten bila dabiltzanak, haiei ere eskubidez dagokiena. Haiek ez dira barbaroak, gu lapurtzera edo ezer kentzera datozenak. Guztiz kontrakoa baizik: gure gizartea kulturalki aberastera datoz, europarrek egin nahi ez dugun horretan lan egitera eta, batez ere, gero eta zaharrago dagoen kontinentea gaztetzera”.