Pedro Almodóvarrek zuzendutako filma eskaini bitartean, propio sortutako konposizioa interpretatuko du Ombligo talde madrildarrak, Donostiako Tabakaleran. Saioa martxoaren 23an izango da, 19:00etan hasita.

Jatorrizko soinu banda-martxoa-zinea

Zinea eta musika batzen dituen emanaldi sorta jarri zuen martxan 2019an Donostiako Tabakalerak, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan. Jatorrizko Soinu Banda izenez ezaguna, zuzeneko musikaz lagundutako pelikulen proiekzioak eskaini dituzte ordutik. Nagusiki zinema mutuarekin lotura duten emankizunak eskainiz, hainbat izan dira azken urteotan Tabakalerako zinema aretora gerturatu diren musikariak.

Bada, datorren larunbatean, martxoaren 23an, Anika Sobrino eta Ángel Cáceres madrildarrek bultzatutako Ombligo taldearen doinuek jantziko dute ¿Qué he hecho yo para merecer esto? (Pedro Almodóvar, 1984) filma. Balkanetako folkloreari boleroa eta swing-a gehituta, baita jazz garaikidearen fusioa ere, jai-giroan murgilduko ditu Ombligo-k ikus-entzuleak: “Nahasketa horrek guztiak aukera ematen dio entzuleari munduan barrena bidaia bat egiteko euren abestien bidez. Ibilbide emozional eta sentsoriala da, baina baita fisikoa ere, biolinari eta gitarrari esker”.

Almodóvar zinemagile espainiarraren lehen garaiko film bat ikusiko dute Tabakalerara bertaratutakoek bitartean. Ondokoa kontatuko du ¿Qué he hecho yo para merecer esto? lanak:  Gloria neskame-lanetan ari da, ez du minutu bat libre. Bere etxearekin bakarrik nahikoa entretenimendu du egun osorako. Berrogei metro karratu horiek bere senar taxilariarekin, amaginarrebarekin, bi seme makarrekin eta musker batekin partekatzen ditu. Ez da emakume zoriontsua. Espainiako etxekoandre askok bezala, ez du Monakoko Carolinak adina aukera izan. Senarraren eta beraren artean, inkomunikazio nabarmenaz gain, emakume aleman baten itzala dago; senarrak txofer lana egiten zuen harentzat Berlinen, hamabost urte lehenago, eta harekin maiteminduta jarraitzen du. Taxilariaren trebetasun apurretako bat edozein letra faltsutzea da, ezin hobeto gainera. Emakume alemanak telefonoz iradoki dio Hitlerren memoriak faltsutu ditzakeela, eta Madrilera bertaratuko dela esan dio, gaia eztabaidatzeko.

Saioa 19:00etan abiatuko dute, eta sarrera orokorrak 7 euro balio du (Donostia Kultura eta Tabakalerako txartelarekin 7,20 euro; 12 urtetik beherakoek euro bat).