Martxoaren 22ra bitartean, Vital Fundazioaren egoitzan pantailaratuko dituzte iazko BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldiko lan onenak. Saio guztiak 19:30ean hasiko dira, eta sarrera orokorrak 5 euro balio du.

Mendi Tour 2024-Gasteiz-zinea

Mendia, abentura, muturreko kirolak eta natura gaiak uztartzen dituen Mendi Tour zikloak Ataunen hasi zuen urtarrilean 2024ko ibilbidea, eta aurreikusi zutenez, Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko 15 hiri eta herritan egin dute neguan geldialdia, 39 zinema saio eskainiz.

Bada, ziklo ibiltariak ongietorria emango dio udaberriari Gasteizen. Astelehenetik ari dira Arabako hiriburuan 16. edizioko BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldiko pelikula arrakastatsuenak eskaintzen, eta ostiralera bitartean atondu dituzte saioak.

Jaialdi bilbotarraren baitan erakutsi zituzten Le Chant de la Glace (Thibault Cattelain) eta Captains on El Cap (Brian Mathé eta Morgan Monchaud) lanekin abiatu zuten atzo egitasmoa, eta sail ofizialean saritutako bi filmekin emango diote gaur jarraipena: Mendiko Film Onena izendatu duten Rope (Moe Wada) eta Kultura eta Natura Film Onena Saria zein Gidoi Onenaren Saria irabazi dituen Carne et ossa (Roberto Zazzara). Horien gain, Let it Bärn (Hannes Tell) ere emango dute.

Jarraian dituzue datozen egunotako saioak:

Martxoaren 20an:

  • Oinez (Leire Egaña) | 2022ko ekitaldiko Mendi Film Bizkaia Ternua Beka
  • Elevated (Palmer Morse) | Eskaladako film onena
  • The Silent Escape (Oswald Rodrigo Pereira) | Sail ofiziala
  • La Ligne de l’Ange (Bertrand Delapierre) | Argazki onena

Martxoaren 21ean:

  • Body Of a Line (Henna Taylor) | Sail Ofiziala
  • 212 Mountains (Luis Arrieta Etxeberria) | Sail Ofiziala
  • Everest Invaders (Jean-Michel Jorda) | Sail ofiziala

Martxoaren 22an:

  • Zerbait aldatu da (Mikel Sarasola) | Sail Ofiziala
  • The Great White Whale (Michael Dillon) | Sari Nagusia eta Zuzendari Onena

Saio guztiak 19:30ean abiatuko dituzte, Gasteizko Vital Fundazioaren egoitzan. Egun bakoitzerako sarrera orokorrak 5 euroko kostua dauka, eta fundacionvital.eus webgunean edota Kordoi Etxean eskuratu daitezke; saioen egunetan, leihatilan baita.