Animaziozko, fikziozko edota film labur dokumentalak uztailaren 15era bitartean bidal daitezke. ZIFF – ZINEBI FIRST FILM atalean lehiatuko diren opera primak, aldiz, abuztuaren 31 baino lehen igo behar dira.
Vanesa Fernandez Guerrak ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia utziko zuela iragarri zutenetik zuzendari bila ari dira festibaleko arduradunak. Oraindik ez dute berririk aurreratu, baina bitartean, hasi dituzte 66. edizioko prestaketak. 2024ko azaroaren 8tik 15era bitartean egingo dute, eta bertan Mikeldi sariak irabazteko hautagai izango diren lanak aurkezteko deialdia zabaldu berri dute.
Bada, animaziozko, fikziozko edota film labur dokumentalak galdegin dituzte aurten ere. Lanok, 30 minutu baino laburragoak izan beharko dute, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera ekoitzitakoak. Adierazi dutenez, “ZINEBIk, hautaketa-prozesuan, lehentasuna emango die mundu osoan, nazioartean edo Europan ZINEBIn estreinatzea ahalbidetzen duten filmei. Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzitako film laburrek, Sail Ofizialean parte hartu nahi badute, Estatuko estreinaldiak izan beharko dute”.
Halaber, ZIFF – ZINEBI FIRST FILM sailean parte hartuko duten animaziozko zein fikziozko opera primak ere eskatu dituzte. 2024an ekoiztutakoak izan beharko dira, 60 minututik gorakoak, eta Hego Euskal Herrian zein Espainiako lurraldean estreinaldiak izan beharko direnak.
Izen-ematea, FestHome atariaren bidez egin beharko da, film laburren kasuan, uztailaren 15era bitartean; opera primei dagokienez, abuztuaren 31ra arte egongo da deialdia zabalik, FestHome-n ere. Xehetasun gehiago, ZINEBI jaialdiaren webgunean.
Zinema industriaren topagune
A kategoriako film labur eta dokumentalen jaialdia da ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia, erreferentziazko posizioa duena nazioartera begira. Izan ere, mundu mailako zinema akademia desberdinen onespena du, eta urtero banatzen duen palmaresa kalifikatzailea da mundu mailako zenbait sariketa garrantzitsuetarako. Hollywoodeko Akademiak, BAFTA sarien batzordeak edota Goya Sariak banatzen dituen akademiak, besteak beste, kontuan izaten dute. Gainera, European Film Awards sarietarako hautagai den film labur bat aukeratzen duten Europako lehiaketen zerrendan dago ZINEBI.
Film laburrak eta nazioarteko opera primak lehian jartzeaz gain, mundu osoko dokumental onenak ikusteko aukera eskaintzen du jaialdiak, baita urteroko euskal ikus-entzunezko sorta deigarriena ere. Industriarekin duen konpromisoari helduz, networking saioak eta jarduerak antolatzen dituzte, hala nola, topaketa profesionalak, hitzaldiak etab.