Silver Film jaialdiaren II. edizioa ospatzen ari dira egunotan Bilbon, adinekoak subjektu aktiboak direla aldarrikatzeko helburu argiarekin. Ekimenak diziplina anitzeko programazioa eskainiko du: film luzea, labur eta dokumentalen eta atzera begirakoak eskainiko ditu, bai eta mahai-inguruak, topaketak, bakarrizketak, belaunaldien arteko saioak, liburuen aurkezpenak edo dantza garaikidea ere.
Silver Film Festival 55 urtetik gorako pertsonei eskainitako Euskadiko lehen zinema jaialdia da, eta EDE Fundazioaren eta TU & YO ikus-entzunezko produkzio-etxearen arteko ekimena da. “Adinekoak ez dira zerbitzuak kontsumitu eta zainketak behar dituzten pertsonen taldeak. Subjektu aktiboak, heterogeneoak, jarduera-sortzaileak eta ideia-sortzaileak dira”, azaldu dute antolatzaileek, “Jakin badakite zer nahi duten eta zer behar duten, eta gizartean dituzten lekua nahiz begirunea eskatzeko prest daude. Ekarpenak egin nahi dituzte, presentzia handia izan nahi dute instituzioek eta herritarren ekimenek sortutako eremuetan”.
Bada, adinekoen parte-hartze aktiboa aldarrikatuko duen konpromiso sendoaz ekin diote bigarren edizioari. Martxoaren 11tik 16ra bitartean luzatuko da, Elkano kaleko Louise Michel liburu-dendan, Bilborock aretoan, Campos Elíseos Antzokian, Azkuna Zentroko Golem Alhóndiga zine-aretoetan eta Guggenheim Museoan gauzatuko dira ekintzak. Aurtengo edizioak, bigarrenak, edadismoarekin eta bizitza berri deritzonarekin lotutako alderdiak jorratuko ditu.
Esaterako, gaur arratsaldean Il pleuvait des oiseaux (2011) Jocelyne Saucierek idatzitako eleberri homonimoan oinarritutako filma izango da ikusgai Guggenheim Museoan, eta bihar eguerdian Asier Altunaren Hondalea (2021) pieza dokumentala proiektatuko dute ere museoan.
Urrutira joan gabe Guggenheimen bertan egingo dute itxiera ekitaldia, bihar arratsaldean, 18:00etatik aurrera.
Ikusi jaialdiaren inguruko xehetasunak, hemen.