Martxoaren 22tik apirilaren 1era bitartean egingo duten festibalean berebiziko presentzia izango dute euskal lurretan garatutako proiektuek.

Nantesko zinema jaialdia 33-zinea

Euskal Herrian eta Espainiako lurraldean ekoiztutako lan onenak erakutsi ohi dituen Festival du Cinéma Espagnol de Nantes jaialdiak 2024ko egitaraua aurkeztu du, euskal proiektuak nagusi dituena. Hitzorduko zuzendaria den Pilar Martínez-Vasseurrek azaldu bezala, batez ere emakumeek zuzendutako lanak gailendu dira, sexualitatea, heziketa patriarkalak ezarritako rolak eta istorio autobiografiko zein soziologikoak jorratu dituztenak. Horien artean, Jaione Cambordaren O Corno, Arantxa Echevarriaren Chinas eta Estibaliz Urresolaren 20.000 erle espezie nabarmendu ditu.

Bada, lehen biak, baita Victor Iriarteren Sobre todo de noche ere, ikusgai izango dira martxoaren 22tik apirilaren 1era bitartean, fikziozko filmei eskainitako sailean. Zinemagile laudioarraren lan arrakastatsua, aldiz, lehiaz kanpo erakutsiko dute, Itsaso Aranaren Las chicas están bien-rekin batera. Nanteseko ikastetxeetako ikasleek saria irabazteko hautagaia ere izango da Urresolaren filma.

Dokumentalen atalean, berriz, Oskar Alegriaren hirugarren ez-fikziozko obra pantailaratuko dute, Zinzindurrunkarratz, eta opera primen lehiaketan Basque Films ekoiztetxe bilbotarraren babesa daukan Upon Entry (Alejandro Rojas eta Juan Sebastián Vásquez) thriller psikologikoa ezagutuko dute zinemazale frantsesek. Film laburrei dagokienez, bi izango dira euskal ekoizpenak: El rey de la semana (David Perez Sañudo) eta To Bird or Not to Bird (Martin Romero).

Animazioak tarte berezia izango du aurten. Oscar saria irabazteko zorian izan den Robot Dreams-en arrakastari helduz, eta zinema espainiarrean baliabideak izan duen gorakada aprobetxatuz, hainbat lan erakutsiko dituzte. Eta noski euskal proiektuak ageri dira denen buru. Pablo Berger bilbotarraren obrak bidelagun izango ditu Unico ekoiztetxearen babesa duten To Bird Or Not To Bird,  Decorado eta Unicorn Wars. Basque Filmsen ekoizpena den Psiconautas eta Isabel Hergueraren La mujer ilustrada film laburrak zein Raul de la Fuentek Damian Nenowekin batera egokitutako Another Day of Life lanek osatuko dute zikloa, besteak beste.

Le Fenetre Basque

Urtero legez, sail ofizialetan parte hartuko duten ekoizpenez gain, euskal zinemagintzak leiho propioa izango du Festival du Cinéma Espagnol de Nantes jaialdian. Etxepare Euskal Institutuaren laguntzari esker, gaurko eta atzoko filmak uztartuko dituzte. Goian aipatutako lanei Negu Kolektiboaren Negu hurbilak lehen fikziozko film luzea, Felix Viscarret nafarraren Una vida no tan simple, eta Bertha Gaztelumendik eta Rosa Zufiak zuzendu eta hogei euskal zinemagile protagonista dituen eta horiek egindako lanaren errepasoa dakarren Arnas betean dokumentala gehituko zaizkie.

Gainera, 2023ko KIMUAK bilduma eskainiko dute ere, ondoko film laburrak jasotzen dituena: El rey de la semana, La mujer ilustrada, Sorbeltza (Iban del Campo), Prioridades (Tamara Lucarini Cortes), El aprendiz (Raul Campos), Deadly Draw/ Sorteo Mortal (Nitya Lopez Saitua) eta Ximinoa (Itziar Leemans).

Atzera begiratuz, zaharberritutako klasikoen atalean, Ivan Zuluetaren Arrebato (1980) kultuzko filma eta Eloy de la Iglesiaren La semana del asesino (1972) berreskuratuko dituzte herritarrek. Baita El espiritu de la colmena (1973) ere, Victor Ericerena. Izan ere, zinemagile karrantzarra izango da 2024ko festibaleko omendua, eta Cerrar los ojos itzulerako lanaren harira programa berezia atondu dute. Ericek klase magistrala emango du gainera, Alain Bergala zinema historialari eta kritikaria ere gonbidatu izango duena.

Informazio osagarria, HEMEN.