Amatasuna, gaur egungo gizartean emakumeek duten rola eta planetaren aldeko defentsa jorratuko dituen drama fantastikoa izango da. 2026an aurreikusi dute errodatzen hastea.
FF&Films eta PuntoyAparte ekoiztetxeen babesarekin, Irati Santiago Mujia zinemagile eta ekoizle gipuzkoarrak Euskal Herrian filmatuko du Lamiak drama fantastikoa. 2026an ekingo dio errodajeari, eta proiektuaren arduradunek aurreratu dutenez, Bizkaian eta Gipuzkoan hartuko dituzte irudiak.
Errealismo magikoaren zantzuak dituen filma izango da Lamiak, amatasuna, gaur egungo gizartean emakumeek duten rola eta planetaren aldeko defentsa jorratuko dituena. 39 urteko Mar da protagonista, erditzean umea galdu eta Euskal Herriko kostaldeko herri txiki batera joatea erabaki duena. Lamiak izaki mitologikoak aurkituko ditu bertan, eta horiek tratu bat propsoatuko diote: haurra berreskuratzeko aukera giza bizitza baten truke.
Estefania Salyers nobelagile eta telebista zein zinema gidoilariak idatzi du gidoia, argitu dutenez, euskara eta gaztelania uztartzen dituena. Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren garapenerako laguntza dauka, eta APIKA Audiovisual Project Lab laborategian parte hartu du. Baita Donostia Zinemaldiako, Berlinaleko, Canneseko Zinema Jaialdiko zein Sitgeseko festibaleko merkatuetan ere.
Metaforez osatutako istorioa
Emakumeek gizartearen begiradari eta beren gorputzari buruzko kritikak jasaten jarraitzen duten honetan, auziari heldu nahi dio Santiago Mujikak filmarekin. Azaldu duenez, “istorioak emakumeen arteko dolu perinatalaz elkarrizketa ireki nahi du, eta gertaera hau herritarrekin partekatu”. Horretarako, metaforak erabili ditu, Lamiengandik hasi eta, jaioberri baten galera zein gizakien kodizio eta krudelkeriaren ondorioz planeta pixkanaka nola galdtzen ari den erakusteko.
“Amatasunaren eta naturaren arteko dualtasun horrek gizakien eta ingurumenaren arteko lotura islatzen du, eta gure etxe komuna zaintzearen garrantzia azpimarratzen du”, esan du zinemagileak, zera gaineratuz: “Ugaltze-adinean dauden emakumeen presio soziala aztertzen du filmak, baita egungo gizartean genero-rolak birplanteatu beharra ere”.
Susana García-Parra ekoizleak zentzu berean hitz egin du: “Lamiak elkarrizketa garrantzitsuak irekitzeko aukera bat da, gure sinesmenak eta balioak zalantzan jartzeko eta gure gizartean aldaketak egiteko”.