Jaialdi bilbotarrak zinemazaleak “aktiboki parte hartzera” gonbidatu nahi ditu, gustukoen duten pelikulari boza eman dezaten deituz. Irabazlea maiatzaren 4an pantailaratuko dute Bilboko Golem Alhondigan.

FANT 30-sei klasiko-zinea

FANT – Fantasiazko Zinemaren Jaialdiaren 30. edizioaren harira, festibaleko arduradunek egitasmo berezi bat prestatu dute maiatzaren 4rako. Herritarrei fantasiazko film klasiko bat pantaila handian ikusteko aukera eskainiko die, Bilboko Azkuna Zentroko Golem Alhondiga zinema aretoan.

Jaialdiaren urteurren borobila ospatzeko “aktiboki parte hartzera” gonbidatu nahi dituzte zinemazaleak, hala, generoaren baitan oihartzuna izan duten sei lanen artean gustukoena bozkatu beharko dute.

Ondokoak dira proposamenak:

  • Excalibur (John Boorman, 1981)
  • A Clockwork Orange (Stanley Kubrick, 1971)
  • Batman (Tim Burton, 1989)
  • Mad Max 2: The Road Warrior (George Miller, 1981)
  • The Blair Witch Project (Daniel Myrick eta Eduardo Sanchez, 1999)
  • The Sixth Sense (M. Night Shyamalan, 1999)

Sare sozialetan eman daiteke boza, FANT jaialdiak publikatu dituen argitalpenetan iruzkinduz. Martxoaren 20ra arte egongo da parte hartzeko deialdia zabalik. Film bozkatuena maiatzaren 4an eskainiko dute, FANT – Fantasiazko Zinemaren Jaialdiaren 30. edizioan. 12:00etan hasiko da saioa, Bilboko Golem Alhondigan.