Pantailak Euskaraz, ezinbesteko erronka mahai-ingurua eskainiko dute gaur Zornotzan Pantailak Euskaraz eta Zer Non Ikusi plataformako kideek, Korrika Kulturalaren testuinguruan. 18:00etan finkatu dute hitzordua, Zelaietako Auditoriumean.

Zer nolako presentzia dauka euskarak mundu digitalean? Kontsumitzen ditugun edukiek zer eragin dute gure hizkuntza ohituretan? Zein baliabide ditugu edukiak euskaraz kontsumitzeko? Zer eskain diezaiekegu gure seme-alabei euskaraz? Auzi horiek eta gehiago izango dituzte aztergai gaur, 18:00etan, Zonotzako Zelaietako Auditoriumak hartuko duen mahai-inguru saioan.

Pantailak Euskaraz egitasmoko Patxo Larrinoa eta Zer Non Ikusi plataformako Mikel Izagirre izango ditu hizlari nagusiak, eta beren jardunetik eratorritako hausnarketa, lan ildo, proposamen eta eskariak partekatuko dituzte publikoarekin.

Korrika Kulturalaren baitan programatu dute saioa, eta euskara hutsean izango da. Behar dutenek, ordea, gaztelaniarako zuzeneko interpretazio zerbitzua jasotzeko aukera izango dute. Horretarako, Telegram aplikazioa deskargatu beharko dute beren mugikorretan, eta entzungailuak eraman beharko dituzte saiora.

Hizlariak

Euskarak ikus-entzunezkoetan duen presentzia eskasarekin arduratuta dauden hainbat herri ekimenen elkarketatik sortu zuten Pantailak Euskaraz mugimendua 2022ko udaberrian, eta sei dira honen atzean dauden proiektuak: Streaming plataformetan euskara sustatzeko helburuz sortutako Netflix euskaraz eta Disney+ euskaraz herri ekimenak, 25 urtez aretoetan euskarazko filmak eskaintzen aritu den Tinko Euskara Elkartea, bikoiztaileen murrizketei aurre egiteko orain hiru urte sortutako BIEUSE elkartea, zinemetan euskarazko edukiak bultzatzeko Zinemak Euskaraz kanpaina eta bideo-jokoen munduan euskara indartzea helburu duen Game Erauntsia mugimendua.

Aldiz, Streaming plataformetan ikusgai dauden euskaraz sortutako (edo euskarara ekarritako) edukiak kontsultatzeko webgunea da Zer Non Ikusi delakoa. Zinema aretoetan euskaraz estreinatutako filmen inguruko informazioa ere jasotzen dute bertan.