Sei ahots, sei sorkuntza prozesu ditu aztergai Norberaren opera film dokumentalak, BERRIAk 23. Korrikarako egindako ekarpen lanak. Sarean zabaldu dute ikusgai.
Sei protagonista ditu dokumentalak: sei ahots, sei sorkuntza prozesu. Ines Osinaga musikariarena da bat: Korrika Kulturaleko kultur sorkuntzarako bekaren bidez sortu baitu Badon opera. Iragan abenduaren estreinatu zuen Gasteizen, eta bizirik dabil ordutik Euskal Herriko antzokietan. Hain zuzen, Sorkuntza prozesu horretan izan dituen sentimendu eta gogoetak jasota daude ikus-entzunezko piezan.
Harekin batera filmean ageri diren bost aurpegiak AEK-ko ikasleak dira, heldutan euskara ikasteko eta hobetzeko prozesua egin duten bost pertsona: Arantzazu Jindriska Fernandez, Lucia Perez, Marie Guillon, Marcos Tedin eta Uxoa Elustondo. Sortu eta osatu egin dute guztiek ere mintzaira, horren aldeko hautu kontzientea eginda.
Oli Artola Apeztegiak idatzi du gidoia, eta Lara Madinabeitia Nanclares, Nagore Arin Asuabarrena eta Irati Urdalleta Lete BERRIA taldeko lankideekin batera ondu du hogeita hiru minutuz luzatzen den pieza dokumentala.
YouTuben jarri dute ikusgai: