Amorebieta-Etxanoko SAC Zornotza aretoan hartuko du hitza zinemagile, gidoilari eta ekoizleak. Herritarren aurrean urte luzez pilatutako esperientziaz eta bizipenez jardungo du.

Hitzaldia-Lara-Izagirre-zinea

Martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren abaroan, Amorebieta-Etxanoko Udalak eta Koralak Lara Izagirre zinemagile, gidoilari eta ekoizlea gonbidatuko dute gaur SAC Zornotza egoitzara (Harrison 6). 18:00etan hasita, “Zinegintza emakumearen ikuspuntutik” hitzaldia eskainiko du herritarren aurrean.

Berlingo Zinema Jaialdian aurkeztu eta arrakastatsu suertatu zen 20.000 erle espezie (Estibaliz Urresola) filmaren ekoizlea da Izagirre, Gariza Films ekoiztetxearen sortzailea. Hiru Goya sari irabazi ditu proiektuak, dagoeneko 50.000 ikustaldien langa ere gaindituz. Martxo bukaeran, Europako Ikus-entzuleen LUX Zinema Saria jaso dezake proiektuak.

Zornotzarrak bi film luze zuzendu ditu gaur arte –Un otoño sin Berlín (2015), Nora (2020)-, eta Pelikula baten bila film labur dokumentala estreinatu zuen iaz Lekeitioko Euskal Zine Bileraren 46. edizioko Sail Ofizialean. Azken hau, zortzi aktoreren –Tessa Andonegi, Loli Astoreka, Itziar Atienza, Garoa Bugallo, Esti Curiel, Aitziber Garmendia, Garazi Urkola eta Maryse Urruty- arteko inprobisazio tailer batetik sortu da. Gainera, hogei euskal zinemagile protagonista dituen eta horiek egindako lanaren errepasoa dakarren Arnasa betean, emakume zinegileak (Bertha Gaztelumendi eta Rosa Zufia, 2023) dokumentalean parte hartu du Izagirrek.

Bada, urte luzez pilatutako esperientzia eta bizipenak ezagutaraziko ditu Amorebieta-Etxanon, gaur. Saioa, SAC Zornotza egoitzan (Harrison 6) egingo da, 18:00etan hasita.