Gaur egun oraindik ere zinema-industrian presente dauden desberdintasunak eta auziak azaleratzeko asmoz, 15 ahots bildu ditu FILMIN plataformak.

cosas de chicas-zinea

Martxoaren 8an ospatzen den Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira, FILMIN streaming plataformak gizartean, eta zinemagintzan bereziki, pairatutako genero-desberdintasuna ageriko egiten duen bideo-gutun feminista egin du publiko sarean. Ekimenean Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko 15 emakume zinemagileen ahotsak bildu dituzte, tartean Estibaliz Urresola (20.000 erle espezie) zuzendari laudioarra eta Isabel Herguera (Sultanaren ametsa) animaziogile donostiarra daudelarik.

Ondokoak dira Cosas de chicas bideo-gutunean azaltzen diren gainerako 12 sortzaileak: Bàrbara Farré eta Mireia Vilapuig (Selftape), Lucía G. Romero (Cura sana), Gala Hernández (La mecánica de los fluidos), Laura Hojman (A las mujeres de España), Marta Lallana (Muyeres), Elena López Riera (El agua), Laura Pedro (La sociedad de la nieve), Carlota Pereda (Cerdita), Raphaëlle Pérez (Mi vacío y yo), Celia Rico (Los pequeños amores), Carla Simón (Alcarrás) eta Carla Subirana (Sica).

FILMINek azaldu duenez, sorkuntzak gaur egun oraindik ere zinema-industrian presente dauden desberdintasunak eta auziak azaleratu nahi ditu, ‘emakumeen gauzak’ esaera deseraikiz eta bere eginez. Hala, bidea ireki duten aitzindariei balioa ematen zaie obran, ahizpatasuna ere azpimarratuz. Gainera, sare sozialetan “bere garaiari aurrea hartu, moldeak hautsi, bidegabekeriak salatu edo inoiz ikusi ez genuen begirada batetik istorioak kontatu zituzten” emakumeek zuzendutako filmen zerrenda osatu du.