17 film luze eta 21 film labur errodatu dira lurraldean. Euskaraz filmatutako proiektuei dagokienez, Negu Hurbilak (Negu Kolektiboa) fikziozko filma eta Irulegiko Eskua (Amaia Merino) dokumentala ageri dira.

Negu Hurbilak-errodajea-zinea

Vianako Printzea Erakundearen Kultura Zuzendaritza Nagusiak 2023an Nafarroan ondutako proiektu eta filmaketa egunen berri eman du. NICDOk kudeatzen duen Navarra Film Commissionen bidez zehaztu dutenez, guztira, ikus-entzunezko 58 proiektu hartu ditu lurraldeak; 681 errodaje egun.

Zinemari dagokionez, 38 izan dira aurrera eramandako pelikulak (17 film luze eta 21 film labur), horien artean, nazioartean arrakasta lortu duen Robot Dreams animaziozkoa. Lokiz Films ekoiztetxe nafarraren eta Arcadia Motion Pictures kataluniarraren babespean (Les Films du Worso ekoiztetxe frantziarrarekin koproduzituta) zuzendu du Pablo Berger bilbotarrak obra, eta asteburuan Los Angelesen izango da, Hollywoodeko Akademiak animaziozko film luze onenaren Oscar saria jasotzeko hautagaien azken zerrendan sartu baitu.

Hain zuzen ere, txostenaren arduradunek azaldu dutenez, aurrenekoz zenbatu dituzte animaziozko proiektuei dagozkien errodaje egunak (310 egun). Fikzioari dagokionez, 4 film luze -tartean euskarazko Negu Hurbilak (Negu Kolektiboa)- eta 15 labur ekoiztu dira Nafarroan; 14 dokumental, tartean euskarazko Irulegiko Eskua (Amaia Merino), oraindik estreinatu ez dena.

Negu Hurbilak-i erreparatuz, Zubietan burutu zituen lan-taldeak irudien hartualdiak, eta hain zuzen, bertako herritarrak – Beñardo Mutuberria, Ana Hualde, Markos Juanikorena, Ibai Juanikorena eta Bautista Santesteban- aritu ziren antzezle lanetan. Haiekin batera, Jone Laspiur  da aktore profesional bakarra, neska protagonistaren azalean. Maluta Films eta Cornelius Films ekoiztetxeen proiektuak Locarnoko 76. Zinemaldian izan mundu mailako estreinaldia,  Cineasti del Presente sailean, eta Epaimahaiaren Aipamen Berezia jaso zuen. Ostean, SEMINCI Valladolideko Nazioarteko Zinema Astean izan zuen agertoki  lanak, eta Márgenes – Madrilgo Nazioarteko Zinemaldian lehiatu da berriki, Epaimahai Gaztearen Saria lortuz. 2024ko otsailaren 23an estreinatu zen Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko zinema aretoetan, eta bigarren astez mantendu da horietan.

Sektorea indartzeko lanean

Ikus-entzunezko produkzioek Nafarroan duten eragin ekonomikoa aztertzeko datu-bilketa 2028an abiatu zuen Vianako Printzea Erakundeko Kultura Zuzendaritza Nagusiak. Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalaren bitartez gauzatu ohi dituzte analisiak, eta sektorea babesteko politika publikoei buruzko erabaki arrazoitu eta zorrotzak hartzeko baliatzen dituzte emaitzak.

2024ari dagokionez, enpresa eta profesionalentzako 1.040.000 euro bideratu dituzte, iaz baino % 20 gehiago, eta azken bost urteetan baino % 300 baino gehiago. Sektore propioari laguntzeko programetarako partida ere 44.000 eurotik 55.000 eurora igo da. Egun, gainera, Navarra Film Industry marka bultzatzeko lanean ari dira, baita beste autonomia-erkidego batzuekiko lehiakortasuna hobetzeko ere.

Datu-bilketaren emaitzak zehatzago, hemen.