Urtzi Urkizu kazetariak ETBren 40 urteak errepasatzen dituen liburua aurkeztu du. Aleka Bildumaren 14. argitalpena da, Berria, Jakin Fundazioa eta Elkar argitaletxearen elkarlanari esker jaio dena.

txoria-hodei-artean

‘Txoria hodei artean. ETB lehen eta gero’ liburua aurkeztu du Urtzi Urkizu Berria egunkariko kazetariak gaur, Donostian. Elkar argitaletxearen egoitzan egin du agerraldia, Martin Anso liburuaren editoreetako batek lagunduta. 25 urte daramatza Urkizuk kazetari-lanetan, eta idatzitako artikulu gehienetan komunikazio gaiak eta ikus-entzunezkoak jorratu ditu, tartean ETBri buruzkoak. Bada, Euskal Telebistak 40 urte bete dituen honetan, errepasoa eman dio lau hamarkadotako ibilbideari, “telebista ezerezetik sortu zen ‘garai heroikoetatik’ gaur egungo erronketara, adimen artifiziala kasu”.

BERRIA, Jakin Fundazioa eta Elkar argitaletxearen elkarlanari esker jaio da liburua, Aleka Bildumaren 14. alea dena, eta hemeroteka lanaz gain, 35 kide elkarrizketatu ditu egileak: ETBren sorreran parte hartu zutenak, kazetariak, komunikazioan adituak eta arituak, unibertsitate irakasleak zein herri mugimenduetako kideak, ahots beteranoak eta gazteak; Itziar Ituño aktoreak idatzi du hitzaurrea.

Gogoeta egiteko materiala bildu du Urkizuk ‘Txoria hodei artean. ETB lehen eta gero’ argitalpenean, eta dituen 188 orrialdetan zehar “ETB1 eta ETB2 kateen arteko desorekaz, erabaki estrategikoez eta etorkizuneko erronkez” hitz egiten du. Egileak aitortu du, gainera, “epilogoan proposamenak eskaintzera” ausartu dela, eztabaidarako amu izan daitezkeelakoan.

Aurkezpen prentsaurrekoan “baikor” azaldu da etorkizunarekin, baina ohartarazi du aldaketa zein norabidetan gertatu beharko litzatekeen ere: “Garrantzitsua litzateke eztabaida zuzendaritza taldearen hautaketa prozesutik hastea, Europako beste ereduei begiratuz (eta ez Madrili). Hitzetatik ekintzetara pasatzeko hizkuntza politikan erabakiak hartu beharko lirateke euskara izan dadin erdigune”.

Zinemari eskainitako atala

ETBren sorkuntza eta garapenaren kronologia zehatzik jarraitu gabe, liburua “euskal gizartean azken urteetan sumatu den kezkari erantzuna eman nahian sorturiko tresna” dela gogorarazi du Anso editoreak. 12 ataletan banatuta, Euskal Telebistaren iraganari erreparatu dio bertan Urkizuk lehenik, baita euskararen presentziari, kontrol politikoari, albistegiei, bikoizketa arloari, ekoiztetxeei, ikusle datuei eta Internet garaiari ere.

Gurera ekarrita, zinemari eskaini dio 7. atala. Hain zuzen ere, EiTB taldearen finantziazio-egitura eta bi kate nagusietan egiten diren emanaldiak, zinemari eskainitako telebista saioak eta horien oihartzuna edota PRIMERAN streaming plataforma berriaren agerpena jorratu ditu kazetariak.

Horiek eta gehiago irakur daitezke ‘Txoria hodei artean. ETB lehen eta gero’ liburuan, baina Urkizuk argi utzi nahi izan duenez, azpigaiak sakonago lantzeko aukera irekia uzten du: “Unibertsitateetan baliagarria izan daiteke liburua, aztertzen jarraitzeko”.