Eneko Muruzabalek irabazi du Oihua! sormen ekimenaren hirugarren edizioa, Planetagatik film laburraren proiektuarekin. Igor Legarreta zinemagilearen aholkularitza izango du lan prozesuan zehar, eta erakundeek 10.000 € inguru jarriko dituzte ekoizpena bultzatzeko.

Euskarazko zinemagintzak aparteko oihartzuna eta arrakasta bizi ditugurean zein nazioartean. Fantasiaren generoak izango zuen horretan zerikusirik, genero gisa ere “loraldi edo eklosio garai bat” ari baita bizitzen. Bada, ideia honen baitan jaio zen 2019.urtean Oihua! deialdia, Donostia Kulturak, San Sebastian-Gipuzkoa Film Commissionek eta Udaleko Euskara Zerbitzuak sustatutako ekimena.

Hirugarren edizioa izan du aurtengoa eta, oraingoan ere, euskarazko fantasiazko gidoien sorkuntza berria saritzea izan da helburu nagusia. 10 gidoi jaso dira orotara; horien jatorriari dagokionez, 7 Gipuzkoatik eta 3 Bizkaitik. Aurkeztutako gidoi guztien kalitate eta izaera profesionala nabarmendu ditu epaimahaiak.

Halaber, lan irabazlea hautatzeko ardura izan dute Igor Legarreta zinemagileak, eta erakunde antolatzaileetako ordezkariek: Marta Zabaleta (San Sebastian – Gipuzkoa Film Commission), Unai Guerra eta Jon Sánchez (Larrotxene Bideo), Josemi Beltrán (Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea) eta Alex Aisa (Euskara Zerbitzua). Eneko Muruazabalek proposaturiko  Planetagatik lana saritu dute, hainbat irizpide nabarmenduta: sormena eta kalitate artistikoa, ekoizpenaren bideragarritasuna, kokalekuen aniztasuna eta euskara maila.

Bada, irabazleak Igor Legarreta zuzendariaren aholkularitza izango du lan prozesuan zehar. Gainera, erakundeek 10.000€ inguru jarriko dituzte ekoizpenerako, hau da, film laburra egin ahal izateko. Zentzu horretan, Larrotxene Bideoren tutoretzapean eta elkarlanean ekoiztuko da gidoia, eta zuzendariaren esku utziko dituzte film laburra egiteko eta editatzeko beharrezkoak diren azpiegitura eta baliabideak. Era berean, sortzaileak film laburraren filmaketa osoa Gipuzkoako Lurralde Historikoan egiteko konpromisoa hartuko du.

Film laburra Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko 2024ko programazioan txertatuko da.