Aurrenekoz osatu duten epaimahai ofizialak Estibaliz Urresolaren opera prima nabarmendu du. Aldiz, ikus-entzuleen saria Arantxa Echevarriaren filmak jaso du. Jaialdiaren 40 urteak errepasatzen dituen liburua aurkeztu dute ere.
Astebetez euskal zinemaren leiho izan ostean, larunbatean (martxoak 2) eman diote bukaera ZINEMASTEA jaialdi berrituari, 40. edizioko sariak banatuz. 20:00etan hasita, Gasteizko Europa Jauregian ospatu dute amaiera-ekitaldia, eta Jon Plazaola eta Nerea Mazo aktoreek aurkeztu dute, eta hainbat belaunalditako zinemagile eta interprete izan dituzte gonbidatu, besteak beste, Ramón Barea, Estibaliz Urresola, Pedro Olea, Elena Irureta eta Mikel Losada.
Ohi bezala, ikus-entzuleek boto bidez erabaki dute ekitaldiko lan gustukoena -Arantxa Echevarriaren Chinas-, eta txalo zaparra artean egin diote aitortza 1985ean Euskal Zinemaren Astea sustatu zuen José Luis Ramosi. Izan ere, Gasteizko Vital Fundazioak hura omentzeko aukera baliatu du urteurren borobilaren ekitaldia.
Aurrenekoz, Vital Fundazioak epaimahai ofizial bat eratu du. Judiht Colell (zuzendaria, gidoilaria eta zinema ekoizlea), Jaume Balagueró (zinema zuzendaria), Alicia Luna (zinema gidoilari eta dokumentalen zuzendaria) eta Leonel Vieira (portugaldar zuzendari eta ekoizlea) izan ditu kide, eta Estibaliz Urresolaren 20.000 erle espezie opera prima nabarmendu dute. Zuzendari onenaren aitortza jaso du Jaione Cambordak (O corno), eta Cerrar los ojos filmaren gidoia saritu, Víctor Ericek eta Michel Gaztambidek idatzitako. Alberto Amman (Upoin Entry) izendatu dute aktore nagusi onena, eta Elena Tarrats (Las buenas compañias) taldeko aktore onena. Azkenik, Sultanaren ametsa (Isabel Herguera) animaziozko lanak aipamen berezia jaso du.
Lau hamarkada, liburu batean
2024an jaialdiak bete dituen 40 urteak ospatzeko eta horiei errepasoa emateko asmoz, Vital Fundazioak argitalpen berezi bat aurkeztu du. Euskal Zinemaren Astea izenez ezagun izan den egitasmotik igaro diren film guztiak, kartelak, argazkiak, palmaresak eta jaialdiaren mugarriak, estatistikak, gonbidatuak eta bitxikeriak jaso dituzte liburuan.
Kepa Sojo zinemagile, irakasle eta zinema historialaria, eta Sonia Palacios zinema zuzendari eta kultur kudeatzailea izan dira egileak. Lehena testuak idazteaz arduratu da; bigarrena, liburua ilustratzen duten irudiak aukeratzeaz. Horretarako, Sancho el Sabio Vital Fundazioaren artxiboetan, argazkilarien eta komunikabideen bilduma pribatuetan edo artxibo partikularretan arakatu du.
Sorkuntza aurrera ateratzeko, Jose Luis Ramon egitasmoaren bultzatzaileak urtez urte eguneratu dituen oharrak, datuak edota katalogoak hartu dituzte oinarri. Azken hauek, gainera QR kode baten bdiez kontsulta dezakete irakurleek. Arduradunek adierazi dutenez, “lau hamarkada horietan zehar, 1985etik gaur egunera euskal zinemak jasan dituen aldaketak ikus daitezke, baita jaialdia garatu den garaiaren isla izan dela ere. Gure hiriko aldaketak ere liburuan zehar ikus daitezke islatuta”.
Liburuaren egiturari dagokionez, edizioka antolatu dute, bakoitzari dagokion kartelarekin eta informazio praktikoarekin osatuz. Hautatutako filmak, egindako jarduera paraleloak (erakusketak, tailerrak, mahai-inguruak, liburuen aurkezpenak) eta sariak bildu dituzte, besteak beste. Jardunean, garaian garaiko prentsa kontsultatu eta edizioetako parte-hartzaileekin hitz egin dute: “39 jaialdiak desberdinak izan dira haien artean, baina guztietan aurkitu dugu nabarmentzeko moduko zerbait”, nabarmendu dute egileek.