Apirilaren 12tik maiatzaren 12ra bitartean egingo da Laburbira zirkuitoaren 2024ko edizioa, ikusleek film-labur onena hautatzeko aukera izango dutenaren berrikuntzarekin. Bertan ikusgai izango diren proiektuen zerrenda eman dute ezagutzera.

Euskaraz sortu eta ekoitzitako film laburren zirkuitua da LABURBIRA, eta 21. edizioa izango du aurtengoa. Bi helburu nagusi ditu: euskal zinemagintza hauspotzea batetik, zinemagileoi beren lanak erakusteko leihoa zabalduz, eta herritarrei euskaraz sortutako film laburrak ezagutaraztea.

20 urteotan bide arrakastatsua egin du mostrak: euskal zinemagintzaren erakusleiho erreferentziala bihurtu da, eta zirkuito egonkor eta zabal bat eskaintzen duen neurrian, industria osoaren pizgarri moduan ere eragiten du. Hala, arrakasta handia izan ohi du urtero zabaltzen duten deialdiak.

Hogeitabi lan aurkeztu dira aurtengo ediziora, eta horietarik 8 hautatu dira herriz herri ikusi ahal izango den sorta osatzeko. Orotara, 87 minututako emanaldia osatu dute horiekin, ikusleei ahalik eta saio aberasgarriena eskaini asmoz. Denetariko lanak aurkitu daitezke bertan, eduki zein estiloz, horietako asko jada zenbait zine jaialditan saritutakoak.

Honakoa duzue zerrenda:

  • DENA ASMATUTA DAGO (Jone Arriola)
  • KATALINAREN ZORIA (Guillermo Ordás)
  • ERRO (Amaia Lejarreta)
  • BABESA (Ander Iruretagoyena)
  • MUNDU BERRI BAT (Mikel Alvarez)
  • ZIRRARA (Ane Cuesta)
  • TALKAK (Ilune Diaz eta Jordi Nuet)
  • BETIZU BURU (Ander Iriarte)

Emanaldiak antolatzeko eskaerak

Laburbiraren aurtengo edizioak Durangoko Zugaza zineman apirilaren 11an egingo den aurre-estreinaldiarekin hasiko du bere ibilbidea, eta horren ostean, nahi beste herritan erakustea da asmoa.

Edozein herritan antolatu daiteke eta, bide horretan, emanaldia antolatu nahi duten elkarteentzako zein udalentzako izen-ematea zabalik izango da martxoaren amaiera arte. Bertan aukeratu dezakete antolatzaileek apirilaren 12tik maiatzaren 12ra bitartean zein egunetan eta non antolatu nahi duten emanaldia. Horretaz gain, sortzaile eta ikusleen arteko harremana erraztu eta sendotu asmoz, proiekzioaren baitan zuzendariekin solasaldiak antolatzeko aukera ere dagoela gogorarazi dute antolatzaileek.