AUKERA mentoretza programaren deialdi berria iragarri du (H)emen elkarteak, zinemagintza edo ikus-entzunezko ikasketak egin dituzten edo egiten ari diren 18-30 urte bitarteko emakumeei zuzendurikoa. Proiektuak aurkezteko deialdia apirilaren 1era arte egongo da zabalik.
AUKERA (H)emen elkarteak sustatzen duen, eta Zineuskadiren, Kutxa Kultur erakundearen, Zinebi – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren eta Arabako, Bizkaiko zein Gipuzkoako Foru Aldundien laguntza duen emakumeek sortutako film laburrentzako mentoretza programa da, eta honakoa du helburu nagusia: ikus-entzunezko sektorean lan egin nahi duten emakumeei haien ibilbide profesionala EAEn hasi eta garatzeko lan aukera ematea. Honekin batera, Euskal zinemaren sektorean eta film laburren esparruan emakume sortzaileek sortutako lanen ekoizpena bermatu eta, oraindik ere, nabaria den arrakala gainditu nahi du (H)emen elkarteak. Euskal ikus-entzunezkoen sektorean emakume profesionalen kopurua handitzea litzateke epe-ertainerako helburua.
Deialdiaren bidez SEI proiektu aukeratuko dira, gutxienez bi euskaraz, eta beren ekoizpen prozesua indartze aldera, gidoigintza zuzendaritza eta ekoizpen trebakuntza jasoko dute egileek. Zinemagintzarekin edo ikus-entzunezkoekin lotutako ikasketak egin dituzten edo egiten ari diren 18 eta 30 urte bitarteko emakumeak baliatu daitezke aukeraz, eta gutxienez bi eta gehienez hiru emakumez osatutako taldeetan aurkeztuko ahalko dira, beti ere, gidoigile, zuzendari edo/eta ekoizle rolak ordezkatuz.
Mentoretzak maiatzean (gidoi-mentoretza), uztailean (zuzendaritza-mentoretza) eta irailean (ekoizpen-mentoretza) burutuko dira, eta asteburu oso bat eskainiko zaio bakoitzari. Urritik azarora bitartean, aldiz, partaideek ikuspegi feminista duen ahalduntze ikastaro bat, dosierrak garatzeko ikastaro bat, eta pitching ikastaro bat jasoko dituzte.
Programa amaitzeko, parte-hartzaileek beren proiektuak Zinebi jaialdiaren Industria atalean egingo den pitching saioan aurkeztuko dituzte. Programan zehar garatutako azken dosierra eta egindako pitching saioa kontuan hartuta, (H)emen-ek izendatutako epaimahaiak proiektuaren ekoizpenera bideratutako hiru AUKERA sariak erabakiko ditu. ZINEBIren itxiera ekitaldian, jaialdiko gainerako sariekin batera, ezagutaraziko dira proiektu irabazleak.
Deialdiaren epeak eta oinarriak
Deialdia martxoaren 1an zabaldu dute eta apirilaren 1era arte (eguerdiko 12:00etan) egongo da zabalik. Apirilaren 30ean jakinaraziko dira programan hartzeko hautatuak izan diren proiektuak.
Ikusi deialdiaren xehetasunak, oinarriak eta aurkeztu beharrekoen zerrenda, hemen.