Musikariaren eta Zuzendariaren arteko lankidetza lantzeko moduak izango dituzte aztergai Tabakaleran, martxoaren 15ean, Aran Calleja konpositoreak eskainiko duen klase magistralean.

Nola espero duzu musikak zure proiektuari laguntzea? Zeintzuk dira zure zalantzak konpositore batekin lan egiteko orduan? Zer espero duzu berarengandik? Zinemagileei zuzenduriko topaketa honek, musikariaren eta muzendariaren arteko lankidetza lantzeko moduak arakatuko ditu, ahalik eta elkarrekintza arrakastatsuena lortzeko helburuarekin.

Aran Calleja konpositorearen gidaritzapean, sormen-prozesuak partekatuko dira, proiektuak berrikusi eta soinu-banda bat sortzeko hurbilketa ezberdinei buruzko hausnarketak egingo dira; beti ere, ikus-entzunezko proiektu bati musika jartzeak dakarren zeregina hurbilagotik ezagutu eta sortzaileen arteko komunikazioa erraztu dezaketen tresnak identikatzeko helburuarekin.

Bada, zinemagileei eskainitako klase magistrala izango da honakoa, bereziki musikariei, zuzendariei, ekoizleei eta muntatzaileei zuzendarikoa. Martxoaren 15ean egingo dute, arratsaldeko 16:00etatik aurrera, 2DEO – Euskarazko Ikus-entzunezkoen Lantegian.

(H)emen Elkarteak antolaturiko topaketa izanik, propio atondu duten formularioaren bidez gauzatu beharko da inskripzioa. Halaber, jakinarazi dute izen-ematea doakoa izango dela elkarteko bazkideentzat.