Pello Mari Otaño bertsolari eta poetaren bizitza eta obra ardatz dituen ikus-entzunezkoa ondu nahi du Patxi Bisquert zinemagile eta ekoizleak. Verkami plataforma bidez lagundu daiteke proiektua.

Ombuaren itzala-filma-zinea

Euskal kulturaren ikur garrantzitsua bada ere, ahantzuran erori da Pello Mari Otaño. Bertsolariz osaturiko familia txiro batean jaio zen, Zizurkilgo Errekalde baserrian. Bertsolaritza eta poesia landu eta bi opera libreto idatzi zituen, baita diasporako seme-alabei euskaraz ikasteko metodologi bat asmatu ere, beste askoren artean. Bada, Otañoren memoria berreskuratzeko asmoz, eta belaunaldi berriei haren ekarpena ezagutarazteko, Ombuaren itzala filma errodatzen hasiko da Patxi Bisquert zinemagile eta ekoizlea; horretarako, diu-bilketa kanpaina iragarri du.

Verkami plataforma bidez, ikus-entzunezko lanaren produkzio-gastuak ordaintzeko kanpaina herrikoia martxan jarri dute proiektuaren sortzaileek, eta besteak beste, attrezzoa, argiztapena, jantziak eta ekipoaren garraioa estali nahi dituzte lortutakoarekin. 40.000 euro batzea dute helburu, udalak, kultur-elkarteak, ikastolen federakuntza, hezkuntza publikoko sarea eta herritarrak inplikatuz.

Ombuaren itzala babesteko hainbat modu zehaztu dituzte: 15 euro emanda, lana ikusteko esteka erraztuko dute; 30 euroko ekarpena eginez gero, filma ikusteko esteka eta kartela oparituko dituzte; 75 eurorekin, telazko poltsa ere jasoko dute, filmaren ezaugarri batekin; 150 euroko ekarpen altruista ere egin daiteke; 250 euroreki babesten dutenek argitalpen mugatuko liburu bat jasoko dute ere; 600 euro emanda Zizurkilgo landetxe batean bi gau izango dituzte opari; 1.200 euroko laguntzarekin errodaje egun batera gerturatu ahalko da; 5.000 eurorekin emalearen izena edota enpresaren logoa filmaren kredituetan sartuko dute.

Filmaren nondik norakoak

“Emigrantearen herriminatik, eta herri zapaldu baten berpizkundetik eginiko bidaia” jasoko du Ombuaren itzala filmak, hala 1876an, Foru Abolizioaren ondoren Argentinara nola ihes egin zuen ezagutuko dugu. Bi urteren ostean bueltatu zen Zizurkilera, bereganako inolako peskizarik ez zegoela egiaztatu ondoren. Berriz jo zuen itsasoz bestaldera, eta hamar urtez abere zaintza lanetan jardunda, gaixotu eta Euskal Herrira itzuli zen.

Bada, momentu honetan hasiko da filma: Karlisten eta Liberalen arteko liskarrak pil-pilean zeuden garaian, Otaño bere tokia aurkitzen saiatuko da. Madalen Alberdirekin ezkondu eta poesia konposatzen hasiko da, oihartzuna lortuz. Familiarekin batera Argentinara egingo du bigarrenez bidaia, eta bertako ombú zuhaitza zein jaioterriko baserriaren ondoan zuen intxaurrondoari buruzko poema idatziko du. Argentinan lortuko du Otañok ospe handiena bertsolari-poeta gisa.

Ombuaren itzala filmean Uma Manterola, Olatz Beobide, Sara Cozar, Joseba Usabiaga, Iñaki Beraetxe, Ramon Agirre eta Kandela Manterola aktoreek parte hartuko dute.