Zinemarekiko duten “maitasunez eta pasioz” aurkeztu dute zineklubeko kideek hilabete berrirako prestatu duten eskaintza. Lau film jasoko ditu, eta ohi bezala, ZINEAn sarrera bikoitzak zozkatuko ditugu Trueba aretoan egingo dituzten saioetara bertaratzeko.
71. Donostia Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean lehiatu zen Alemania (Maria Zanetti, 2023) ekoizpen argentinarrarekin ekingo dio Kresala Zineklubak programazioari, hilaren 5ean. 16 urteko Lola da protagonista, seihileko bat Alemanian ikasteko aukera suertatuko zaiona. Gazteak joan nahi luke, baina familiak, ordea, ez, Lolaren ahizpa zaharraren buru-nahasmenduak gaindituta bizi baitira. Familiarekiko harremanaren ezegonkortasunaren eta akiduraren ondorioz, Lolak tematuta jarraituko du Alemaniara joateko ideiarekin, eta esperientzia berrien bila abiatuko da, bere nortasunari eta inguruko zirkunstantziei beste begirada bat emateko.
Hilaren 12an, aldiz, “amaierarik ez duen abentura batean murgilduko gara”, Riddle of Fire (2023) filma estatubatuarrari esker. Cannesko Zinema Jaialdiko Quinzaine des cinéastes hautaketa paraleloan aurkeztu zutenetik txalotua izan da Weston Razoolik zuzendutako filma, eta besteak beste, Sitgesko zinemaldian epaimahaiaren aipamen berezia jaso du. Gurasoek bideo-jokoei ezarritako kontroletik ihes egin nahi duten hiru haur ditu lanak gidari; horietako baten amak agindutako enkarguak aprobetxatuz, herrialdean barrena murgilduko dira pertsonaia misteriotsuekin elkartuz.
Martxoko hirugarren saioa hilaren 19an egingo dute, Pascal Planteren Les Chambres Rouges (2023) pantailaratuz: Ludovic Chevalier serieko hiltzailearen kasu sonatua epaiketara iritsi berria da eta Kelly-Anne obsesionatuta dago. Errealitatea bere fantasia morbosoekin nahasten denean, buruhausgarriaren azken pieza bilatzeko bide ilun batean sartuko da: 13 urteko neska baten bideo desagertua, zeinak Kelly-Annekren antz izugarria duen.
Azkenik, zinekluba Claude Chabrol zinemagile frantziarrari eskaintzen ari zaion atzera begirakoari jarraipena emango diote. Martxoaren 26an, Rien ne va plus (1997) filma ikusteko aukera egongo da: Bettyk eta Victorrek bikote berezi samarra osatzen dute. Victor 60 urteko gizona da, Betty, 30 urteko emakumea. Biek Frantzia eta beste herrialde batzuk zeharkatzen dituzte karabana batean, eta bilera eta kongresuetan parte hartzen dute, non Bettyren xarma jasanezinak gizon aberatsak harrapatuko dituen.
Donostiako Gros auzoko Trueba zinema-aretoan egingo dituzte emanaldiak, asteartetan, 19:30etatik aurrera. Ohi bezala, ZINEAn sarrera bikoitza zozkatuko dugu saio bakoizterako. Parte hartu ondoko estekan.