Gasteizen, uztailaren 4tik 6ra bitartean, ospatuko den Korterraza Film Laburren Jaialdiaren 15. ediziorako deialdia zabaldu dute mostraren antolatzaileek. Maiatzaren 16ra bitartean aurkez daitezke lanak.

Kultura Kalean! Elkarteak antolatuta, uztailaren 4tik 6ra bitartean egingo dute Korterraza – Gasteizko Film Laburren Jaialdiaren 15. edizioa. Bertan parte hartu nahi duten sortzaileek otsailaren 26tik maiatzaren 16ra arte izango dute izen-emate deialdia zabalik, eta hautatutako lanak (35-40 izatea aurreikusten dute) Artium Museoko kanpoko terrazan pantailaratuko dituzte, lau saiotan. Saioak doan izango dira, 22:00etan hasita, eta guztira 8.000 euro banatuko dira saritan.

Ohi bezala, film laburren Sail Ofizialaren osagarri izango dira Erakusketa, Komedia eta Korterraza Txiki sailak. Behin Gasteizko emanaldiak bukatuta, Araban zehar erakutsiko dituzte lanak zirkuitu ibiltarian, eta Korterraza Sentsibiliza programarekin gai sozialak jorratuko dituzte abenduaren 22an.

Bestalde, 2024ko hitzorduko datak jakitera emateaz gain, lehen bi kontzertuen berri ere eman dute. Uztailaren 4an, inaugurazio egunean, Belako talde bizkaitarrak ikuskizuna eskainiko du; aldiz, hilaren 6an, The Steepwater Band estatubatuarrek girotuko dute museoko ingurunea. Orotara, sei kontzertuk osatuko dute programa.

Deialdia argitaratzearekin batera zabaldu dituzte ere honen OINARRIAK. Festibalaren atari ofizialean kontsulta ditzakezue, aurreko edizioetako edukiekin batera.