Festibalak sei atal nagusi izango ditu, eta Iruñeko hainbat txokotan egingo dituzte saioak. Musika emankizunak ez dira faltako, eta aurreko urteetan bezala, ludoteka zerbitzua eskuragarri egongo da akreditatuentzako zein publiko orokorrarentzako.

Punto de Vista 2024-sarrerak-zinea

Punto de Vista – Nafarroako Zinema Dokumentalaren jaialdik martxoaren 11tik 16ra bitartean ospatuko du 18. edizioa, eta antolatzaileek egunez eguneko egitaraua argitu dute, filmen proiekzio, mahai-inguru, solasaldi eta familiei zuzendutako saioentzako sarrerak ere salgai jarriz. Festibalaren webgunean edota Baluarte eraikineko leihatilan eskura daitezke, 3 euroan. Zenbait saio doan izango dira.

Nazioarteko zinema dokumentalaren eta ikus-entzunezko komunitatearen bilgune bilakatuko da Iruñea sei egunez. Ez soilik Baluarte, baizik eta, Golem Zinemak, Oteiza museoa, Civivox Condestable, Civivox Mendillorri edota Nafarroako Filmoteka egoitza izango dira aurten, eta denetan ere, orotariko eskaintzaz gozatu ahalko dute herritarrek.

Ohiko sei atalak izango ditu jaialdiak –Sail ofiziala, Fokuak, Bitartekaritza programa, LAN saila, Kontaktuak eta X Films proiektua-, eta aurrenekoz, zeharkako hainbat ibilbide proposatuko dituzte, egitarauaren barne dauden eta antzeko gaiak jorratzen dituzten filmak lotuko dituztenak: Lehen pertsona, Generoa(k), Planeta gaixotua, eta Punto de Vistara hurbildu. Horietan, antolatzaileek adierazi dutenez, “memoriarekin  eta indibidualismoarekin lotutako gaien, geure espeziearen baitan desberdintasunak ezartzen dituzten banaketekin lotutako gaien edo ingurumen larrialdiarekin lotutako gaien oso bestelako ikuspegiak aurkituko ditugu, filmetan irudikatzen dituzten moduaren arabera”.

Musika ere ez da faltako 18. edizioan. Navarra Music Commission, Txintxarri taberna eta Radio 3-ekin elkarlanean, kontzertuak, DJ saioak eta zuzeneko irratsaioak presente egongo dira. Honako artistek parte hartuko dute: Mon Dvy, Brecha, Lilo, Peru Galbete, DJ Rizos, Señora edota DJ Moderno.

Gainera, Puxika Gorria ekimenarekin, Punto de Vistak ludoteka zerbitzu eskainiko du aurten ere. Sei hilabetetik hamabi urtera bitarteko haurrentzako gune berezi bat atonduko dute, eta akreditatutako pertsonek ez ezik, publiko orokorrak ere baliatu ahalko du. Martxoaren 13tik 16ra arte egongo da erabilgarri, eta plazak webgunearen bitartez erreserbatu daitezke.