Nafarroako Marketing Klubaren ekimenez sortutako hezkuntza-proiektua da. Bi master -Zinema Zuzendaritza eta Ekoizpen Exekutiboa- eta 14 ikastaro espezializatu eskainiko dituzte.

Pixelian-zinea

Garapen profesionalerako pasioa eta zinemarekin lotutako diziplina artistikoen irakaskuntza lotzeko helburuarekin, Nafarroako Marketing Klubak PIXELIAN – Zinema eta Arte Bisualeko Eskola martxan jarri berri du, Mutiloan. Iragan otsailaren 20an aurkeztu zuten proiektua, eta bertan izan ziren Javier Celay (PIXELIANeko zuzendari akademikoa) eta Igancio Fernandez Galindo (koordinatzailea), Mikel Irujo (Industria, Trantsizio Ekologiko eta Digitalaren kontseilaria), Igancio Apezteguia (Vianako Printzea Erakundeko zuzendari nagusia), Miguel Iturralde (CLAVNAko presidentea), Ana Herrera (Kultura Saileko ikus-entzunezko proiektu estrategikoen burua) eta Maria Monreal (zinemagilea, ekoizlea eta CIMAko Nafarroako delegatua).

Aurkezpen ekitaldian azaldu zutenez, ikus-entzunezkoen industriak lurraldean eskatzen dituen profil kualifikatuei erantzuna emateko asmoz jaio da zinema eskola berria. Hala, sorkuntza-arloan, ekonomikoak zein kudeaketan profesionalak prestatzeko ikasketa espezializatuak eskaini nahi dituzte: “Gure helburuak enplegua sortzea, inbertsioak erakartzea eta tokiko ekonomia bultzatzea dira, baita kultura zinematografikoa gizartearekin sustatzea eta partekatzea ere. Horrela, bat egiten dugu eraldaketa ekonomikoaren agendarekin, etorkizuna iraunkorra, digitala eta konprometitua baita, eta ikus-entzunezkoen industria du lehentasunetako bat”.

PIXELIAN – Zinema eta Arte Bisualeko Eskolak bi master hartuko ditu, Zinema Zuzendaritza eta Ekoizpen Exekutiboa. Horien gain, 14 ikastaro espezializatu eskainiko dituztela ere aurreratu dute. Besteak beste, oinarrizko gidoi ikastaroa, ESCAC zinema eskola kataluniarrarekin elkarlanean.

Topaketak profesionalekin

Zinemazale eta industriako profesionalen arteko harremana estutzeko asmoz, PIXELIAN Topaketak antolatu dituztela jakinarazi dute, ekaina bitartean gauzatuko direnak. Lehenengoa martxoaren 6an izango da, eta Oskar Alegria gonbidatuko dute. Zinemagile nafarrak zinema dokumentala ekoizteaz eta finantzatzeaz ariko da hizketan.

Hurrengo topaketak ondorengo datetan izango dira: martxoaren 6an (Iker Ganuza), apirilaren 18an (Andrea Jaurrieta), maiatzaren 8an (Amaia Remirez), maiatzaren 23an (Maria Monreal) eta ekainaren 10ean (Puy Oria).