20.000 erle espezie film sarituak harrera ezin hobea izan du EITBren PRIMERAN streaming plataforman. Otsailaren 5etik dago ikusgai, eta hogeita bi egunen buruan, 50.000 ikustaldiren langa gainditu du.

2023ak emandako euskal filmarik arrakastatsuena da Esti Urresola laudioarrak. Hiru Goya sari eskuratu zituen joan den otsailaren 10ean Valladoliden egindako Espainiako Zinema Akademiaren galan: Jatorrizko gidoiarena eta Zuzendari berri onenarena Estibaliz Urresolarentzat eta taldeko emakumezko aktore onenarena Ane Gabarainentzat. Horrez gain, film dramatiko onenaren Feroz saria eta film onenaren Forqué saria ere eskuratu ditu berriki.

EITBren parte hartzea duen filmak, halaber, Malagako Zinema jaialdiko Urrezko Biznaga lortu zuen 2023an, eta Patricia López Arnaiz protagonistak Emakumezko aktore onenaren saria. Ezin ahaztu, halaber, Berlinalen gainditutako langa, Sail Ofizialean lehiatu  eta, bi sari jasotzeaz gain, Sofía Otero protagonista gazteak Zilarrezko Hartza lortu baitzuen.

Gariza Filmsek, Inicia Filmsek eta Sirimiri Filmsek ekoiztutako lan honek hiru belaunalditako emakumeek osatutako familia-erlauntza du ardatz: Coco da filmeko protagonista, 8 urte dituen haur transa, amarekin eta neba-arrebekin amaren jaioterrira uda pasatzera joango dena. Euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez dago errodatuta, eta bere aurreko lanetan bezala, ia erabat emakumez osatutako lan-taldea du filmak.

KRITIKA | 20.000 ESPECIES DE ABEJAS: Norbere identitatearen hariak ehuntzen

Hego Euskal Herriko eta Espainiar lurraldeko 100 zinema areto baino gehiagotan estreinatu zen filma 2023ko apirilaren 21ean. Lehenengo asteburuan 33.500 zinemazalek ikusi zuten, eta gaur gaurkoz, ICAAren arabera, 161.312 ikus-entzuletik gora. Azken asteetan, Baionako L’Atalante zineman, Donibane Lohitzuneko Le Sélecten, Mauleko Maule-Baithan, eta Donibane Garaziko Le Vaubanen izan da ikusgai.