Berlingo Euskal Etxearekin atondutako estreinaldia izango du lanak Kine Movimento zinema aretoan. Saioa 18:00etan hasiko da, eta emanaldiaren ostean zuzendariak ikus-entzuleekin solasteko tartea hartuko du.
Pertsona migratzaileei buruzko filma da Tetuán, non zinema, familia baten istorioak eta memoria, igaroleku eta nebulosa bailiran banatuko diren. 2022ko Xixongo Nazioarteko Zinemaldian eta ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian ikusi zuen proiektuak argia, eta orainaldiko ikuspuntutik migrazio eta memoria bezalako kontzeptuak ikertzen dituen sorkuntza dokumental gisa definitu zuen Iratxe Fresnedak zinemagileak.
Bada, Gernika Kulturverein – Berlingo Euskal Etxeak antolatua, Fresnedak Erregistroaren trilogia ixten duen filma aurkeztuko du gaur, hirian. Kine Movimento zinema aretoak hartuko du Alemaniako estreinaldi-ekitaldia 18:00etan, eta zuzendari bizkaitarra ikus-entzuleen galderei erantzuteko prest izango da emanaldiaren ostean.
KRITIKA | TETUÁN: Denok gara hangoak eta hemengoak
Nola heltzen dira, zein arrasto uzten dute gure artean pertsona migratzailearen ahotsak eta oroitzapenak? Zein gatazka borrokatzen ditugu pertsonok bizirauteko asmoz? Alaba batek (zuzendaria bera), bere hildako aitaren (migratzailea izan zena) historiarekiko jakin-minak gidatuta, film honetan, iraganeko eta orainaldiko historien berreraikitze eta bilaketa bidaia bat hasiko du. Bidaia honetan, Danubioren ertz lasaian hasi, Euskal Herria zeharkatu eta Saharako basamorturaino jarraituko ditu dokumentalak Annemarie, Carmelo, Irina eta Mohamed protagonisten istorioak.
Pinpi&Nella Films ekoizpen etxea, Marmoka Films, Corpus Films eta Arena Comunicación taldeak daude proiektuaren atzean, eta Jonay Armas arduratu da musika konposizioaz. Mezenasgo kanpaina arrakastatsu baten ondoren lortu dute filmaren ekoizpenaren finantzaketa beharrak estaltzea. Proiektuak, gainera, ICAA, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Arrigorriagako Udala, ETB, Kanaldude eta Otxoa de Barandika Fundazioaren laguntza izan du.