Lupita Nyong’o buru izan duen epaimahaiak Mati Diop frantziar-senegaldarraren filma goratu du. Pepe lana zuzendu duen Nelson Carlo de los Santos izendatu dute zinemagile onena.

Berlinale 74-irabazleak-zinea-

Bukatu da urteko lehen zinema jaialdi europar garrantzitsuena, eta kontu eske egin du. Epaimahaiak asteburuan eman du jakitera Berlinale – Berlingo Zinemaldiaren 74. edizioko palmaresa eta kolonialismoaren arrastoei begira ebatzi ditu sari nagusiak. Parisko Quai Branly Museoan gordeta zeuden 26 artelan Beningo Errepublikara nola itzuli dituzten erakusten duen Dahomey (Mati Diop) dokumentalak irabazi du Urrezko Hartza, herrialde afrikarreko gazteei ahotsa ere emanez.

Zinemagile onenaren Zilarrezko Hartza Nelson Carlo de los Santos dominikarrak jaso du, kasu honetan ere, Amerika eta Afrika kontinenteetan pairatutako menpekotasunak hizketagai izan dituena. Pepe fikzio fantastikoak Pablo Escobar narkotrafikatzailearena zen hipopotamo bat du gidari. Genero bereizketarik egiten ez duen interpretazio onenaren garaikurra, bestalde, Sebastian Stanek irabazi du, A different man (Aaron Schimberg) filmean egindako lanagatik. Aldiz, taldeko aktore onenarena Emily Watsonentzat izan da (Small things like these, Tim Mielants). Gidoi onenaren errekonozimendua Matthias Glasner alemaniarraren Sterben pelikulak jaso du.

Jatorri mexikarreko Lupita Nyong’o aktore kenyarra izan du 2024ko Berlinale jaialdiak epaimahaiburu, eta kide izan dituenekin adostuta, Epaimahaiaren Sari Nagusiarekin aitortu dute Hong Sang-sooren lan berriena. Isabelle Huppert protagonista duen A traveler’s need filmarekin hegokorearrak enegarren saria lortu du Berlinen. Bruno Dumont frantziarraren L’empire lan distopikoak irabazi du Zilarrezko Hartza – Epaimahaiaren Saria. FIPRESCI sariari dagokionez, sail ofizialean My Favourite Cake (Maryam Moghaddam eta Behtash Sanaeeha) lana laudatu dute kazetariek.

Bestelako sariak

Basel Adra, Hamdan Ballal, Yuval Abraham eta Rachel Szor sortzaileek osatutako palestinar-israeldar kolektiboaren No Other Land lanak lortu du dokumental onenaren sari preziatua Panorama sailean, eta Anna Cornudella kataluniarraren The Human Hibernation opera prima erabaki dute nazioarteko kazetariek  Forum ataleko FIPRESCI sariaren hartzaile. Lehenak Zisjordaniako herri batean eraitsitako etxe, eskola eta bestelako eraikin zein jolastokien dokumentazio-lan arduratsu eta zehatza” dakarrela nabarmendu du epaimahaiak. Bigarrenari dagokionez, hibernatzen ari den gizartea irudikatu du zinemagileak, gizakiak naturarekin duen harremanari buruzko hausnakreta proposatuz.

Encounter atalean, Direct Action (Guillaume Cailleau eta Ben Russell) lanak jaso du film onenaren saria, eta Juliana Rojas izendatu dute zuzendari onena (Ciudade; Campo). Epaimahaiaren sari berezia ex aequo izan da, Some Rain Must Fall (Qiu Yang) eta The Great Yawn of History (Aliyar Rasti) lanentzako. FIPRESCI saria Nele Wohlatzen Dormir de olhos abertos filmak jaso du. Hannoverren jaiotako zinemagileak Ikusmira Berriak programan parte hartu zuen 2018an.

74. edizioko Ohorezko Urrezko Hartzarekin Martin Scorsese zinemagile, gidoilari eta ekoizle estatubatuarra errekonozitu du jaialdi berlindarrak.

Ezagutu palmares osatua, hemen.