Museoaren zaindariak (Vasiliy Rovenskiy, 2023) film errusiarra Zineuskadi Elkartearen Zinema Euskaraz ekimenaren eskutik helduko da gaur Hego Euskal Herriko hainbat aretoetara. Publiko orokorrari bideratua dagoen animaziozko filma euskarara bikoiztuta ikusi ahal izango da.
Vincent katu gaztea Maurice izeneko sagutxo batekin elkartzen da piano zahar batean uholde batetik ihes egiteko. Marinel talde batek instrumentua jaso eta museora bidaltzen du. Hemen, Vincentek eliteko katuen eskuadroi bat ezagutzen du, urteetan karraskarien eta beste piztien maisulanak babesten aritu dena. Vincentek benetako katu-familia bat aurkitzea du amets, baina ez du bere lagun Maurice galdu nahi, bizitza salbatu baitzion, eta ezkutatzera behartuta dago. Baina bere lagunak badu ahulezia bat: maisulanik ospetsuenak marruskatzea. Munduko pinturarik onenetako bat, La Gioconda, museora eramaten dutenean dena zailtzen da: sagu eta arratoi guztien ametsa murtxikatzea da. Hala ere, ez Vincentek, ez Mauricek, ez Hermitageko katuek ez dakite norbaitek lapurtzeko asmoa duela, eta, orain, Vincentek kemenez eta adimenez jokatu behar du Da Vinciren obra salbatzeko, museoaren ospea babesteko eta Kleopatraren, Egiptoko ganberan bizi den katu eder baten, bihotza irabazteko.
Filma, ondorengo ziema-aretoetan ikusi-ahalko da: Golem Alhondiga (Bilbo), Getxo Zinemak (Getxo), Zugaza Zinema (Durango), Florida Zinemak (Gasteiz), Gorbeia Zinemak (Gasteiz), Niessen (Errenteria), SADE Cines Antiguo Berri (Donostia) eta Golem La Morea (Iruñea).
Zinema Euskaraz programari esker
Zineuskadik sustatutako Zinema Euskaraz programaren barruan aurten euskaratutako bigarren filma da honakoa. Dagoeneko hurrengo estreinaldiak ere iragarri dituzte: Inseparables, martxoaren 22an; eta Dragonkeeper, apirilaren 19an.
Euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko helburua du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak bultzatutako programa honek, eta haur zein gazteei zuzendutako pelikulen bikoizketaz arduratzen da, zinemagintzan euskararen hedapena bultzatzearren.