Bost proiektu hautatuetako arduradunek Estibaliz Urresola (20.000 erle espezie), Álvaro Gago (Matria), Laura Ferrés (La Imatge Permanent) eta Paola Botrán (Elamedia Estudios) zinemagileak izango dituzte, besteak beste, otsailaren 25era bitartean bidelagun.
Lehenengo edizioa arrakastatsua izan osten, bigarrenez jarri zuten iaz martxan Nafarroako Egonaldia (La Residencia Navarra – LRN) programa. Fikziozko film luzeen proiektuak garatzeko laborategia da, eta ICAAk babestutako Next Generation funts europarren bidez dago diruz lagunduta. Hautatutako bost proiektuetako ordezkariek aurkezpen saioak izan zituzten 2023ko azaroan, eta orain, otsailaren 22tik 25era bitartean, bigarrenez elkartuko dira Eugiko Quinto Real ostatutan.
Rauqel Colera eta Angeles Maeso (Cosas de chicos, Madril), Anna Mithá eta Alma Prieto (Les Pedres, Herrialde Katalanak), Jose Manuel Carrasco eta Tamara Santos (Lola está sola, Madril), Alejandro Cortes eta Usha Jadhav (Made in 1999, Madril) eta Pedro Diaz eta Marta Fariña (Serenade, Galizia) sortzaileek beren gidoiak eta dossierrak garatzeko tartea izango dute asteburuan, baita tutortetza-saioak eta klase magistralak ere.
Horien jarraipena egiteaz arduratuko dira Estibaliz Urresola eta Alvaro Gabo zinemagileak, Igancio Rotaetxe EGEDA elkarteko kidea, Jose Esteban Alenda ekoizlea, Laura Ferres gidoilari eta zinema zuzendaria, Lola Mayo zuzendaria, Maite Miqueo Arcadia Motion Pictureseko kidea, edota Nuria Landete ekoizlea.
II. edizioko egitaraua
Hautaketa-batzordeak bost proiektu aukeratu ditu, eta egoiliarrek zortzi hilabetetan aurrez aurreko topaketak, tutoretzak eta klase magistralak (aurrez aurrekoak zein online) izango dituzte, hiru alditan: aipatu bezala, 2023ko azaroaren 2tik 5era bitartean egin dute lehena, eta 2024ko otsailaren 22tik 25era bitartean ari dira bigarrenarekin; maiatzaren 7tik 10era bitartean izango dute hirugarren enkontrua. Lehen bi topaketak Nafarroan bertan egin dituzte, hirugarrena, aldiz, Robledo de Chavelan eta Madrilen.
Proiektu bakoitzeko ordezkariek hiru tutore dituzte, eta egonaldiak iraun bitartean izango dituzte bidelagun. Hala ere, beste proiektuenei esleitutakoak ezagutzeko aukera ere eskainiko zaie, profesionalen sarea zabaltzeko asmoz.
Hautatutako 5 ekoizpenek 15.000 euroko beherapen zuzena dute kamera-materialetan erabiltzeko. Aldiz, bakarrak izango du filmaren banaketarako diru-laguntza, 20.000 eurora arteko baliokidea dena.