Negu Kolektiboaren lehen fikziozko film luzea Begin Again banatzailearen eskutik iritsiko da gaur, otsailaren 23an, Hego Euskal Herriko eta Espainiar Estatuko zinema-aretoetara. Iruñeko Golem Yamaguchi aretoan ospatutako aurrestreinaldi festan aurkeztu zuten atzo.

Euri-jasa beldurgarriak ez zituen Zubietarrak apaldu, ez eta Golem Yamaguchi aretoko bosgarren sala bete zuen publikoa ere. Joaldun, trikitilari eta nafarrek oso bere duten indar-erauntsiaz lagunduta aurkeztu zuten atzo Ekain Albite eta Mikel Ibarguren zuzendariek – Negu Koletiboko kideen erdiak- bere lehen fikziozko film luzea. Hitzordua borobiltzeko, Jean Mixel Bedaxagar musikariaren emanaldi txiki bat hartu zuen ekitaldiak, bera baita filmaren itxiera kantuaren interpretea.

Festa ederra izan zuten Yamaguchi ingurumarietara gerturatutakoek, filmak gaur hasiko duen biderako abiapuntu ezinhobea. Begin Again banatzailearen eskutik, gaurtik aurrera izango da ikusgai Hego Euskal Herriko zein Espainiar Estatuko herri ugaritako zinema-aretoetan: Iruñea, Bilbo, Donostia, Gasteiz, Doneztebe, Durango, Errenteria, Legazp, Zornotza, Portugalete, Oñatin, Villabona, Usurbil, Bergara, Zumaia, Madril, Bartzelona, Valladolid, Soria, Santiago de Compostela.

Era berean, beste hainbat emanaldi iragarri dituzte datozen asteetarako: Leioa, Arrasate, Lasarte-Oria, Leitza, Azkoitia, Elgoibar, Derio Igorre…

Negu Hurbilak

Isolamenduari, itxaroteari eta nortasun irrikari buruzko lana da Negu Hurbilak, eta ihesaldi baten historia kontatzen du: ETAk jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragarri du. Emakumezko gazte bat ihesi doa helburu argi batekin: muga zeharkatzea, bai baitaki hala etxetik urrundu ahal izango dela, jaioterrian ez baitago seguru. Ihesean doala, Zubieta herrira iritsiko da. Mugako herri horretan, antzinako mitoek eta gaur egungo konfliktoek bat egiten dute, antza. Herriko etxe bateko ganbaran ezkutatuta, harria bezain mugigaitza den hango egunerokotasuna ezagutuko du. Denbora igaro ahala, egunak gau eta gauak egun bihurtzen diren leku horretan, gaztearen ihesaldia gero eta korapilatsuagoa bilakatuko da.

KRITIKA | NEGU HURBILAK: Bakardade-min isila, lainopeko labirintoan

Zubietan (Nafarroa) burutu zituzten errodaje lanak eta, hain zuzen, bertako herritarrak – Beñardo Mutuberria, Ana Hualde, Markos Juanikorena, Ibai Juanikorena eta Bautista Santesteban- aritu ziren antzezle lanetan. Haiekin batera, Jone Laspiur  da aktore profesional bakarra, neska protagonistaren azalean.

Locarnoko 76. Zinemaldian izan zuen Negu hurbilak  filmak mundu mailako estreinaldia,  Cineasti del Presente sailean, eta Epaimahaiaren Aipamen Berezia jaso zuen.  Ostean, SEMINCI Valladolideko Nazioarteko Zinema Astean izan zuen agertoki  lanak, eta Márgenes – Madrilgo Nazioarteko Zinemaldian lehiatu da berriki, Epaimahai Gaztearen Saria lortuz.