Filmaketak sei aste iraungo ditu, eta Irunen, Hendaian, Donostian eta Baionan hartuko dituzte irudiak. Jone Laspiur eta Sambou Diaby aktoreak ditu thriller honek protagonista.

Faisaien Irla-errodatzen-zinea

Altsasu (2020) telesaila eta Pim Pam Pum (2008) film laburra zuzendu dituen Asier Urbietak bere lehen film luzearen errodaje-lanak hasi berri ditu. Sei astez, Euskal Herriko hainbat hiritan izango da Faisaien Irla thrillerrerako irudiak hartzen: Irunen, Hendaian, Donostian eta Baionan.

Euskara, frantsesa eta gaztelania izango dira entzungai lanean, eta hain zuzen ere, filmari izenburua ematen dion uhartean agertuko den hilotz batekin abiatuko da istorioa. Gorpuak Bidasoako mugan bizi den Laidak eta Samboik osatutako bikote gaztearen bizitzak aztoratuko ditu. Goya sariduna den Jone Laspiur –Akelare (Pablo Agüero, 2020), Ane (David Perez Sañudo, 2020), Negu hurbilak (Negu Kolektiboa, 2024)- zein Sambou Diaby dira aktore nagusiak. Filmean kolaborazio berezia egingo dute Itziar Ituñok eta Josean Bengoetxeak.

Handia (Jon Garaño eta Aitor Arregi, 2017) film aitortuaren gidoilaria den Andoni de Carlosekin batera idatzi du Urbietak istorioa, eta adierazi duenez, “karga emozional handiko thrillerra da Faisaien Irla, mugen zentzugabekeria eta gizakiongan duten eragina kontatzen duena”. Eremu naturaletan errodatuko dute, besteak beste, uhartean bertan, Bidasoako erriberan, Baionako tren geltokian edota ibaia bera lotzen dituzten zubietan. Hala, pelikulak “gaur egun Bidasoaren ertzetan gertatzen ari den errealitatea erakusten du, non Frantziarako bidea hartzen duten dozenaka pertsona desagertu diren azken urtean”.

Arcadia Motion Pictures, Tentazioa Produkzioak eta Galatea Films ekoiztetxeen proiektua da Faisaien Irla, La Fidèle Production-en koprodukzioa duena. ICAA eta Eusko Jaurlaritzaren finantzaketa dauka, baita EiTBren partaidetza ere. BTeam Pictures arduratuko da zinema aretoetan filma banatzeaz.