Stéphan Castang zinemagile frantziarraren lehen film luzea martxoaren 7an pantailaratuko dute, Golem Alhondiga zinema aretoan. Gonbidapenak leihatilan bertan jaso daitezke.

PreFant-Vincent-zinea

Hilabete gutxi batzuk baino ez dira falta 30. FANT – Bilboko Zinemaldi Fantastikoari ekiteko, eta ohi bezala, hitzordua iritsi bitartean giroa berotzen hasteko proposamenez beteta egongo da hiria. Zinemazaleek gogo handiz espero izaten dituzte nazioarteko generoko lan onenen aurrestreinaldiak, eta dagoeneko jakinarazi dute zein izango den martxokoa. Hilaren 7an Stéphan Castang zinemagile frantziarraren opera prima proposatuko dute, Golem Alhondiga zinema aretoan, 19:30ean. Sarrera doan da, baina gonbidapenak 16:30etik aurrera hartu ahalko dituzte interesatuek leihatilan bertan, pertsona bakoitzak gehienez lau.

Kids (2011), Panthéon Discount (2016) eta Finale (2020) film laburrak idatzi eta zuzendu ostean aurkeztu zuen Castangek Vincent doit morir filma 2023ko Cannesko Zinemaldiko Kritikaren Astean, eta Zuzendari Berri Onenaren saria jaso zuen. Gainera, bertan aktore aritutako Karim Lekloure interprete onena izendatu zuten Sitgesko zinemaldian.

Inolako arrazoirik gabe bere ingurukoen erasoak jasotzen hasiko den Vincent da protagonista. Bizitzaren kontrola galduko du, eta indarkeria areagotzen den heinean, ihes egin nahiko du, nora ez dakiela.

30. edizioa ate-joka

Maiatzaren 3tik 11ra bitartean ospatuko du FANT – Bilboko Zinemaldi Fantastikoak 30. urteurren ekitaldia, eta arduradunek adierazi dutenez, nazioarteko 820 film baino gehiago aurkeztu dira deialdira, 40 inguru Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan ekoiztutakoak. Hautaketa-batzordeak horiek ikusi eta behin betiko aukeraketa argitzea falta da.

Horrez gain, oraindik ere zabalik da Bilboko Udalak sustaturiko deialdi berria, zeinaren bidez fantasia generoko euskarazko film labur baten ekoizpena babestuko den. Epemuga martxoaren 27a da. Proiektuak bidali ondoren, epaimahai espezializatu baten aurrean aurkeztu eta defendatu beharko dira Zinemaldian zehar egingo den jendaurreko saio batean. Era berean, sustatzaileek hala erabakitzen badute, film laburraren estreinaldia FANTen etorkizuneko edizioetan egingo litzateke.