Ruth Somalo zinemagile eta komisarioa, Jorge Villacorta arte kritikaria eta Ainara Elgoibar artista bizkaitarra arduratuko dira 2024ko jaialdiko sari nagusia, film labur onena eta zuzendari onena izendatzeaz.

Punto de Vista 2024-epaimahaia-zinea

Punto de Vista – Nafarroako Zinema Dokumentalaren jaialdiak iragan urtarrilean eman zuen 18. edizioko sail ofizialean lehiatuko diren filmen berri, eta oraingoan, horiek ikusi eta baloratzeko ardura izango duten profesionalak jakinarazi ditu. Hiru kidek osatuko dute nazioarteko epaimahaia -Ruth Somalo, Jorge Villacorta eta Ainara Elgoibar-, eta jaialdiko sari garrantzitsuenak banatuko dituzte: film onenaren Punto de Vista Sari Nagusia (10.000 euro), Zuzendari onenaren Jean Vigo saria (5.000 euro) eta EiTBk babestutako film labur onenaren saria (3.000 euro). Horiez gain, Publikoaren sari berezia (1.650 euro) eta gazteriaren saria (1.500 euro) ere irabaz dezakete sail ofizialeko lanek.

DOC NYC, Architecture and Design Film Festival eta DocumentaMadrid jaialdietako programatzaile nagusia da Ruth Somalo espainiarra. New Yorken bizi da, eta hainbat film luze eta labur zuzendu ditu, nazioarteko jaialdietan parte hartu eta zinema areto komertzialetan estreinatu dituenak. Mentorea eta irakaslea ere bada Brooklyngo UnionDocs Arte Dokumentalen Zentroko laborategietan. Flaherty Nazioarteko Mintegiaren Zuzendaritza Batzordeko presidente izan da, eta Programazio Batzordeko buru da orain.

Bestetik, Liman (Peru) bizi den Jorge Villacorta Chávez arte-kritikaria eta kuradore independentea da. Besteak beste bere ardurapean ondu dute VIDEOGRAFÍAS (IN)VISIBLES: Una selección de videoarte latinoamericano 2000-2005 zikloa, Espainiako lurraldeko eta Latinoameriako haingat hiritan ikusgai izan dena. VIDEO-TRANSLACIONES – 13 videoinstalaciones por artistas peruanos zein LA PAZ ES UNA PROMESA CORROSIVA erakusketetan ere kuradore izan da, besteak beste. Gaur egun, arte elektronikoak sustatzen eta zabaltzen dituen ATA (Alta Tecnología Andina) erakundeko presidentea da, eta Peruko Kultura Ministerioak Kulturaren Nortasun gisa aitortu zuen 2013an.

Hirugarren epaimahaikidea Ainara Elgoibar artista bizkaitarra izango da. Enpresa ikasketetan lizentziaduna Deustuko unibertsitatean, Arte Ederretan doktoretza egin zuen ostean, Cooper Union School of Art NYCn eta Manchester Metropolitan Universityn egonaldiak ere eginez. Artium, Fundació Tàpies, La Capella eta Macba zentroetan erakutsi ditu bere lanak. Gainera, 2013an, Tractora Koop. E. artisten kooperatiba sortu zuen, interesak eta lotura afektiboak partekatzen dituzten bazkideen eta hirugarrenen proiektuen ekoizpen artistikoko plataforma.

Sarrerak salgai

Punto de Vista – Nafarroako Zinema Dokumentalaren jaialdiko saioetarako sarrerak ostiralean (otsailak 23) jarriko dituzte eskuragarri, festibalaren webgunean eta Baluarteko leihatilan. Bestalde, profesionalek, kazetariek eta ikasleek otsailaren 29ra arte dute akreditazioak eskatzeko.