Otsailaren 27tik martxoaren 1era bitartean, Gipuzkoako Natura eta Ingurumeneko Zinema Erakusketa gauzatuko dute Donostian eta Tolosan. Zinema emanaldiez gain, zinemagile eta adituen solasaldiak hartuko ditu 2024ko egitarauak.

Gnat Zinema erakusketa 2024-zinea

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun eta Kultura Departamentuek antolatuta, laugarrenez ospatuko dute, aurten, Gnat Zinema – Gipuzkoako Natura eta Ingurumeneko Zinema Erakusketa. Jasangarritasuneko diputatua den José Ignacio Asensiok eta Kulturako diputatu Goizane Álvarez eta Trantsizio Ekologikoko zuzendari Mónica Pedreirak otsailaren 27tik martxoaren 1era bitartean Donostiak eta Tolosak hartuko dituzten jardueren berri eman dute.

Ohi bezala, naturarekin lotutako ikus-entzunezkoen emanaldiak izango dira erakustaldiaren ardatza, baina solasaldiek eta tailer berezi batek ere osatuko dute programa. Donostiako Antzoki Zaharrean egingo dituzte lehen hiru saioak, 19:00etan hasita, eta hurrenez hurren, ikusgai izango dira Amalur (Egoi Suso, 2023), Con el Oído del Búho (Carlos de Hita, 2024) eta Hijos del Hielo (Oscar Dario Jimenez, 2022). Azken eguneko saioa, aldiz, Tolosako Topic zentroan izango da; amaiera-ekitaldian De parque en parque: Doñana (Jose Ramon Gonzalez Pan, 2022) emango dute.

Film bakoitzaren ostean, sortzaileekin edo jorratutako gaietan adituak direnekin solasaldiak egingo dira. Hala, otsailaren 27ko emanaldia bukatu berritan, Egoi Susok bere lana izango du hizketagai, gizartearen eta naturaren arteko harremanari buruzko elkarrizketarik gabeko esplorazioa dena. Hilaren 28an, Carlos de Hita naturaren soinuaren eta soinu-paisaiaren grabazioan adituak soinu-tailer bat eskainiko die saiora bertaratutako ikus-entzuleei. Hilaren 29an, Kolonbiako glaziarren babesari buruzko filmarekin batera, Unai Pascual ingurumen ekonomian doktoreak ‘Zertarako balio du naturak?’ hitzaldia emango du. Azkenik, martxoaren 1ean, Doñanaren edertasunean murgiltzeko aukera egongo da, Joaquin Araujo nekazari eta abeltzainaren zein Miguel Delibes de Castro Biologia Zientzietako doktorea eta CSICeko Ad honorem irakaslearen eskutik.

Saio guztietarako sarrerak doan dira. Gonbidapenak Donostiako Antzoki Zaharreko zein Tolosako Topik zentroko leihatiletan zein webguneetan eskuratu daitezke.

Arrakastaren arrastoa

Lehen hiru edizio arrakastatsuen ostean dator aurtengo Gnat Zinema – Gipuzkoako Natura eta Ingurumeneko Zinema Erakusketa. Guztira, 6.590 ikus-entzule erakarri ditu ekimenak, eta antolatzaileen esanetan, “erreferentziazko ekitaldi gisa finkatu da Gipuzkoan”.

2024ko egitarauaren aurkezpenean “gizakiaren eta bere ingurune naturalaren arteko elkarreragin konplexuak aztertzeko” plataforma bikaina bilakatu dela aipatu du Asensiok, “ingurumena adierazi garrantziari buruz hausnartzeko aukera ematen” duela. Bestalde, Goizane Álvarezek nabarmendu du “kultura sentsibilizazio- eta dibulgazio-tresna indartsua” dela, ekimen kutluralek, Gnaz Zinemak kasu, duten balioa azpimarratuz: “Kulturak, bere forma guztietan, elkartzeko, kontzientziak pizteko eta mundu bidezkoago eta orekatuago baterantz ekintza zehatzak bultzatzeko ahalmena du”.

Informazio osagarria, hemen.