Bertha Gaztelumendik eta Rosa Zufiak zuzendutako dokumentalak 20 euskal zinemagile ditu protagonista. Madrilgo Cineteca espazioan erakutsiko dute lehenik, eta hiru saio izango ditu (martxoaren 22an, 24an eta 26an). Ostean, Hego Euskal Herriko zinema aretoetara iritsi aurretik, hainbat kultura-gunetan proiektatuko dute.

Azkenean, emakumeen ahotsa entzuten hasi da zineman ere bai. Atzoko eta gaurko emakumezko euskal zinemagileak protagonista dituen, eta gaiaren ikuspegi unibertsala erakusten duen ARNASA BETEAN. EMAKUME ZINEGILEAK (2023) dokumentala aurkeztu zuten Bertha Gaztelumendi zuzendariak eta Rosa Zufia kultur-kazetariak 71. Donostia Zinemaldiko Euskal Zinemaren Galan, eta dagoeneko zinema aretoetako ibilbidea hastear du.

Jakinarazi dutenez, udaberrian iritsiko da Hego Euskal Herrira, baina oraindik data zehatzik argitu ez badute ere, estreinaldia Madrilen izango duela aurreratu dute. Martxoaren 22an, 24an eta 26an, Cineteca gunean pantailaratuko dute, eta ostean, hainbat kultura-gunetan ere egongo da ikusgai.

Emakumezko hiru urpekariren bidaiaren bidez, hamarnaka emakumek egindako lanari errepasoa eman dio lanak, euren begiradatik, ametsetatik, aurrera ateratzeko ahaleginetatik eta, batez, ere, zinemari eta gizarteari egin dioten ekarpenetik. Hala, aitzindari eta bide urratzaile izandako horien eta, egun, zinema-jaialdietan arrakasta ezagutzen ari diren gazteen testigantzak jarriko erdigunean.

KRITIKA | ARNASA BETEAN: Bidea urratu dutenen ausardiari

Euskal Herriko hainbat txokotan (Donibane Lohizune, Pasai Donibane, Elantxobe, Hondarribia, Jaizkibel eta Iruñea, besteak beste), Madrilen eta Menorkan filmatu zuten zuzendariek lana, 2022ko iraila eta abendua bitartean. Arestian aipatu bezala, atzoko eta gaurko euskal emakume-zinemagileak ditu protagonista: Maria Elorza (A los libros y a las mujeres canto), Maider Oleaga (Muga deitzen da pausoa), Arantxa Echevarria (Carmen y Lola; Chinas), Mireia Gabilondo (Kutsidazu bidea, Ixabel; Amaren eskuak; Erlauntza), Lara Izagirre (Nora; Un otoño sin Berlín), Alauda Ruiz de Azua (Cinco lobitos), Ana Diez (Todo esta oscuro; Ander eta Yul), Esti Urresola (20.000 especies de abejas), Leire Apellaniz (El último verano); Isabel Herguera (Amore D’Inverno;  El sueño de la sultana), Bego Vicario (Pregunta por mí), Izibene Oñederra (Lursaguak), Ana Murugarren (La higuera de los bastardos), Marina Lameiro (Young & Beautiful; Dardara), Arantza Santesteban (918 GAU), Maddi Barber (592 metroz goiti), Maite Ruiz de Austri (El regreso del viento del norte; ¡Qué vecinos tan animales!)

Era berean, filmak Pilar Rodriguez Deustuko Unibertsitateko ikertzailearen analisia ere jasotzen du, eta Ur Joko Elkarteko (Donibane Lohizune) Elorri ArinMorgane BaudAinhoa Etxenik eta Ihintza Urtxegi arraunlariek parte hartu dute.

Filmak Donostiako Zinemaldiaren 71. edizioan, Euskal Zinemaren Galaren baitan, izan-zuen mundu mailako estreinaldia, eta ostean,  TIFF – Tokyo International Film Festival jaialdiak euskal zinemari eskainitako leihoan, Madrilgo Emakumeen VI. Zinemaldian edota ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 65. edizioan erakutsi dute, besteak beste.