Kuxkuxtu txaranga-dokumentala-zinea

Arri Iraeta Irigarai zumarragar gazteak zuzendu du Kuxkuxtu: Parean, ondoan, elkarrekin lana, eta otsailaren 23an aurkeztuko du Pausuko Xaia ostatuan (Urruña).

Iparra Hegoa elkarteko Pello Aranzabal Beitia kideak proposatuta, duela 40 urte sortu zen Kuxkuxtu txarangari buruzko dokumentala ondu du Arri Iraeta Irigaraik. Zumarragarra Mondragon Unibertsitateko Ikus-Entzunezko ikaslea da, eta gradu amaierako lana baliatu du proiektua aurrera ateratzeko. Bada, ostiral honetan bertan ikusiko du argia, musikarien beraien “tenplua” den Pausuko Xaia ostatuan (Urruña).

Proiektua eskaini bezain laster, “[Arri Iraeta] musikaria eta militantea izanik, abentura honetan segidan murgildu” zela adierazi du Aranzabal Beitiak. Hala, sortzaileak “kantuaren indarra eta ekarpena, publikoarekin duten gertutasuna eta Kuxkuxtukoek talde hau bizitzeko duten modua” aztergai izan ditu, taldekideen zein bidelagun izan dituzten kideen hitzak bilduz.

Lau hamarkadotan, ehunka emanaldi, istorio eta bizipen bizi izan ditu “ezohiko” txaranga honek, eta Kuxkuxtu: Parean, ondoan, elkarrekin dokumentalak, hain zuzen ere, berezi egiten duen izaera hori azpimarratu nahi du: “Gutxi dira euren moduan musika eta honekin militantzia egiteko eredua jarraitzen duten proiektuak; anomalia bat dela esan dezakegu”.  Bada, eguzki distiratsu gisa definitu dute dokumentalaren sustatzaileek Kuxkuxtu txaranga: “Euskal Herri osoan sustraiak errotuta dituen altxorra da. Transmisioa, kantua, zubia, militantzia, laguntasuna, arnasbidea, festa, herrigintza… da”.

19:00etan ekingo diote zinema emanaldiari, eta dokumentala ikusi osterako, jan-edana prestatu dute. Gainera, txarangarekin kantuan aritzeko aukera ere izango da. Sarrerak 5 euro balio du, eta (+33) 06 79 56 87 89 telefono zenbakira deituz egon daiteke erreserba.