Lanak aurkezteko epea otsailaren 26an irekiko dute. 2024ko edizioko lehen bi kontzertuak jakinarazi dituzte: Belako eta The Steepwater Band.

Korterraza 2024-zinea

Kultura Kalean! Elkarteak antolatuta, uztailaren 4tik 6ra bitartean egingo dute Korterraza – Gasteizko Film Laburren Jaialdiaren 15. edizioa. Bertan parte hartu nahi duten sortzaileek otsailaren 26tik maiatzaren 16ra arte izango dute izen-emate deialdia zabalik, eta hautatutako lanak (35-40 izatea aurreikusten dute) Artium Museoko kanpoko terrazan pantailaratuko dituzte, lau saiotan. Saioak doan izango dira, 22:00etan hasita. Guztira, 8.000 euro banatuko dituzte saritan.

Ohi bezala, film laburren Sail Ofizialaren osagarri izango dira Erakusketa, Komedia eta Korterraza Txiki sailak. Behin Gasteizko emanaldiak bukatuta, Araban zehar erakutsiko dituzte lanak zirkuitu ibiltarian, eta Korterraza Sentsibiliza programarekin gai sozialak jorratuko dituzte abenduaren 22an.

Bestalde, 2024ko hitzorduko datak jakitera emateaz gain, lehen bi kontzertuen berri ere eman dute. Uztailaren 4an, inaugurazio egunean, Belako talde bizkaitarrak ikuskizuna eskainiko du; aldiz, hilaren 6an, The Steepwater Band estatubatuarrek girotuko dute museoko ingurunea. Orotara, sei kontzertuk osatuko dute programa.

2023ko edizio arrakastatsua

1.123 film labur jaso zituzten iaz jaialdiko arduradunek, eta aurten ere antzeko izatea espero dute. Hautaketa batzordeak 35 proiektu aukeratu zituen, eta horiek, Artium Museoaren kanpoko terrazan emateaz gain, Korterraza Araba zirkuitu ibiltariaren baitan lurraldeko hainbat herritan erakutsi zituzten.

Guztira, 9.000 pertsona inguru hurbildu ziren 14. edizioko film laburrak eta kontzertuak ikustera, hala, Xabi Vitoria Kultura Kalean! elkarteko kideak jaialdia arrakastatsua izan zela aitortu zuen bukaeran: “Kulturaren festa handia izan da”.