Christopher Nolanek zuzendutako filmak zazpi sari irabazi ditu Zinematografia eta Telebistako Arteen Akademia Britainiarraren gaualdian. Aldiz, esku hutsik gelditu da Barbie (Greta Gerwig).

bafta 2024-zinea

Sariketa denboraldi arrakastatsua bizitzen ari da Oppenheimer filma. Urrezko Globoetan bost aitortza lortu ostean, zazpi eskuratu ditu iragan asteburuan Londresko Royal Festival Hall antzokian ospatutako BAFTA sarien 2024ko edizioan. Besteak beste, film luze, zinemagile (Christopher Nolan) eta gizonezko taldeko aktore (Robert Downey Jr.) zein aktore protagonistarenak (Cillian Murphy). Bada, Hollywoodera begira dago jada, hilabete eskas barru egingo den Oscar sarietarako faborito nagusia izanik.

Los Angeleseko hitzorduan lehiakide estu izango duen Poor Things komediak bost BAFTA sari irabazi ditu, entzutetsuena Emma Stoneri emandakoa; emakumezko aktore protagonista onena izendatu dute. Emakumezko taldeko aktore onenaren errekonozimendua, bestalde, The Holdovers (Alexander Payne) filmean aritu den Da’Vine Joy Randolphek jaso du.

Gaualdiko sorpresa, hala esaterik bada, American Fiction (Cord Jefferson) lanak eman du, egokitutako gidoi onenaren kategorian gailenduta. Besteak bestek, Oppenheimer, Poor Things edota The Zone of Interest (Jonathan Glazer) izan ditu lehiakide, denen gainetik igaroz. Azken honek, bere aldetik, film britainiar onenaren eta ingelesaz besteko lan onenaren sariak bereganatu ditu. Jatorrizko gidoi onena Anatomie d’un chute (Justine Triet) aukeratu dute, eta dokumentalen kategorian 20 Days in Mariupol (Mstyslav Chernov) ekoizpen ukrainarra nagusitu da. Animazioko lan onena Hayao Miyazaki japoniarraren agurreko filma izendatu dute, The Boy and the Heron.

Esku hutsik gelditu dira 2023an zeresana eman duten Barbie (Greta Gerwig) eta Killers of the Flower Moon (Martin Scorsese). Baita Saltburn (Emerald Fennell) eta Maestro (Bradely Cooper) ere.

Ezagutu irabazleen zerrenda osatua, hemen.