Pablo Berger zinemagile bilbotarrak zuzendutako Robot Dreams (2023) lana arrakastatsu suertatu da Kaliforniako Zinema Independentearen sariketan. Animaziozko lan onenaren golardoa eskuratu du.

Cannesen aurkeztu ostean, Annecyko jaialdian Contrechamp Sari Handia eskuratu zuen. Gerora, Toronto, Sitges eta Sevillako zinemaldietan erakutsi dute; Animaziozko Film Onenaren eta Gidoi Egokitu Onenaren Goya sariak eskuratu ditu berriki, eta izendatuen arteko faboritoena da aurki banatuko diren Oscar sarietarako.

Bada, Pablo Berger zuzendari bilbotarraren Robot dreams (2023) filmak errekonozimendua pilatzen jarraitzen du nazioartean, eta itsasoz bestaldetik heldu da azken arrakasta. Otsailaren 19an, Los Angelesen kokaturiko Kaliforniako Unibertsitatearen (UCLA) Royce Hallen egindako Zinema Independentearen galan nabarmendu dute filma, eta animaziozko lan onenaren golardoa eskuratu du zuzendariak.

Robot Dreams (2003)

Filmak Dogen, Manhattanen bizi den txakur bakartiaren, bizipenak ditu oinarri. Izan ere, egun batean robot bat eraikitzea erabakiko du, bere laguna izan dadin. Bien arteko adiskidetasuna handituz joango, udako gau batean, Dogek laguna agurtu beharko duen arte.

Lokiz Films ekoiztetxe nafarraren eta Arcadia Motion Pictures kataluniarraren babespean sortutako proiektua da Robot Dreams, Noodles eta Les Films du Worso ekoiztetxe frantziarrarekin koproduzitutakoa.