Negu Kolektiboaren lehen fikziozko film luzea Begin Again banatzailearen eskutik iritsiko da ostiralean, hilaren 23an, Hego Euskal Herriko eta Espainiar Estatuko zinema-aretoetara. Hori baino lehenago, hilaren 22an, aurrestreinaldi ekitaldi berezia egingo dute Iruñeko Golem Yamaguchi aretoan.

Isolamenduari, itxaroteari eta nortasun irrikari buruzko lana da Negu Hurbilak, eta ihesaldi baten historia kontatzen du: ETAk jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragarri du. Emakumezko gazte bat ihesi doa helburu argi batekin: muga zeharkatzea, bai baitaki hala etxetik urrundu ahal izango dela, jaioterrian ez baitago seguru. Ihesean doala, Zubieta herrira iritsiko da. Mugako herri horretan, antzinako mitoek eta gaur egungo konfliktoek bat egiten dute, antza. Herriko etxe bateko ganbaran ezkutatuta, harria bezain mugigaitza den hango egunerokotasuna ezagutuko du. Denbora igaro ahala, egunak gau eta gauak egun bihurtzen diren leku horretan, gaztearen ihesaldia gero eta korapilatsuagoa bilakatuko da.

KRITIKA | NEGU HURBILAK: Bakardade-min isila, lainopeko labirintoan

Zubietan (Nafarroa) burutu zituzten errodaje lanak eta, hain zuzen, bertako herritarrak – Beñardo Mutuberria, Ana Hualde, Markos Juanikorena, Ibai Juanikorena eta Bautista Santesteban- aritu ziren antzezle lanetan. Haiekin batera, Jone Laspiur  da aktore profesional bakarra, neska protagonistaren azalean.

Locarnoko 76. Zinemaldian izan zuen Negu hurbilak  filmak mundu mailako estreinaldia,  Cineasti del Presente sailean, eta Epaimahaiaren Aipamen Berezia jaso zuen.  Ostean, SEMINCI Valladolideko Nazioarteko Zinema Astean izan zuen agertoki  lanak, eta Márgenes – Madrilgo Nazioarteko Zinemaldian lehiatu da berriki, Epaimahai Gaztearen Saria lortuz.

Bada, Begin Again banatzaileak aurreratu duenez, Negu Kolektiboaren lehen fikziozko film luzea 2024ko otsailaren 23tik aurrera Hego Euskal Herriko eta Espainiar Estatuko hainbat hiri eta  izango da ikusgai: Iruñea, Bilbo, Donostia, Gasteiz, Durango, Azpeitia, Zornotza, Portugalete, Oñatin, Villabona, Zumaian, Azkoitia, Madril, Bartzelona…

Aurrestreinaldia, Iruñean

Egun handia iritsi baino lehen, ordea, hitzordu berezia prestatu dute Iruñean. Ekain Albite eta Mikel Ibarguren zuzendariek aurkezturiko emanaldi berezia izango da, 19:30etan abiatuta, eta bertan izango dira ere filmeko protagonista diren hainbat zubietar.

Hitzordua borobiltzeko, ekitaldia hartuko duen Golem Yamaguchi aretoaren ingurumarian arituko dira Zubietako joaldunak.

Sarreren zozketa, ZINEAn

Iruñeko aurrestreinaldirako (otsailak 22) eta Bilboko, Donostiako eta Gasteizko  emanaldietarako (otsailak 23) sarrerak zozkatzen ari gara gurean, saio bakoitzerako SARRERA BIKOITZ BANA.

  • Otsailaren 22an, Iruñean | Golem Yamaguchi aretoan, 19:30ean [aurrestreinaldia]
  • Otsailaren 23an, Bilbon | Golem Alhondigan, 20:25ean
  • Otsailaren 23an, Donostian | Principe aretoan, 19:15ean
  • Otsailaren 23an, Gasteizen | Florida Zinemetan, 20:30ean

Otsailaren 21era arte (12:00ak arte) eman dezakezue izena, ondoko fitxa betez.

*ordua zehazteke