Arrasate Zientzia Elkartearen (AZE) ekimenez Iban del Campo zinemagileak ondutako dokumentala Amaia Antzokian erakutsiko dute otsailaren 23an eta martxoaren 1ean. Saioak doan izango dira, 19:30ean hasita.

foto laso-zinea

Pedro Sologaiztoa Laso argazkilari arrasatearrak 60ko eta 70eko  hamarkadeta grabatutako bideoak bildu ostean, Arrasate Zientzia Elkarteak (AZE) horiei forma emateko eskatu zion 2018an Iban Del Campo zinemagileari. 2020rako prest zegoen proiektua, eta aurkezpenaren atarian COVID19aren pandemiak asmo onak zapuztu zizkieten arduradunei. Bada, azkenik, aste-bukaera honetan bizilagunei “herriko iraganarekin bat egiteko” aukera emango dien lana erakutsiko dute.

62 minutuko iraupena du filmak eta hamabost zatitan banatuta dago. Askotariko ekintzak eta jarduerak ikus daitezke bertan, besteak beste, Ikurrina udaletxean jarri zutenekoa,  Seber Altube plazaren inaugurazioa, Santa Marinako ikastetxearen inaugurazioa, erretiratuei egin zitzaien lehen omenaldia, 1964ko Euskal Jaia, danborradak, ziklo-kros lasterketa Santa Barbaran, sanjuanak…

Otsailaren 23an eta martxoaren 1ean pantailaratuko dute Foto Laso dokumentala, Amaia Antzokian, 19:30ean. Ostiral honetako saioaren aurretik, Pilar Askasibar AZEko lehendakariak eta Del Campo zinemagileak hitza hartuko dute. Gainera, Lasoren 30 senide inguru egongo dira aretoan bertan.

Sarrera doan, baina gonbidapenak Arrasateko Udalaren webgunean eskatu beharko dituzte interesatuek, baita leihatilan ere. Adierazi dutenez, “antzokiaren egungo egoera dela-eta, edukiera 400 pertsonara mugatuta dago”.

Proiektuaren abiapuntua

Pedro Sologaiztoa Laso argazkilari arrasatearrak 60ko eta 70eko hamarkadetan Super 8 kamerarekin hartutako irudiak jasotzen ditu Foto Laso ikus-entzunezkoak. Lasoren lobek aurkitu zituzten, eta AZErekin harremanetan jarri ziren. Irudiak digitalizatzea erabaki zuten orduan, eta orotara, 40 orduko materiala batuta, Iban Del Camporengana jo zuten lana sor zezan. Zinemagileak Ahotsak.eus ataritik jasotako audioak eta Goienak Pedro Sologaiztoa Laso argazkilari eta herriko argazki denda ireki zuenari egindako elkarrizketa bat gehitu zizkion filmari.

Bada, Lasori egindako omenalditxoa da Del Campok ondu duena, berak erretratatutako Arrasatek bueltan dakarkiona. Herriaren memoria eta oroitzapenak betikotu zituen argazkilariaren ondarea berreskuratzeko ariketa izan da.