2024ko maiatzaren 11n Tenerifen (Kanariar Uharteak) egingo duten galan saridun izan daitezkeen proiektuen artean daude Robot Dreams (Pablo Berger), To Bird Or Not To Bird (Martin Romero), Hanna y los monstruos (Lorena Ares), Sultanaren ametsa (Isabel Herguera) eta Conej Steps Out (Pablo Rios).

QUIRINO24-zinea

Berriki ospatu duten 38. Goya sarien ekitaldian baieztatu denez, euskal zinemagintza aberatsa da animazioaren alorrean. Kategoria horretako film luze eta labur onenaren aitortzak eskuratu dituzte, hurrenez, hurren, Robot Dreams (Pablo Berger) eta To Bird Or Not To Bird (Martin Romero) lanek, eta zinemagile bilbotarra, gainera, Hollywoodera begira da. Bada, nazioarteko animaziozko ekitaldi garrantzitsuenetakoetan ere zeresana emango dute bi proiektuek.

Maiatzaren 11n, Iberoamerikako Animazioaren Quirino Sariak banatuko dituzte Tenerifeko San Cristobal de La Laguna herrian (Kanariar Uharteak), eta dagoeneko, hautagaien zerrendaren berri eman dute. 15 herrialdetako 247 lan ikuskatu ostean, finalisten artean izateko aukera dute hainbat euskal produkziok. Film luzeen kategorian, Euskal Herrian ondutako hiru proiektu ageri dira: Lokiz Films ekoiztetxe nafarraren babesa duen aipatutako Robot Dreams, lurraldean bertan Lorena Aresek garatu duen Hanna y los monstruos, eta Isabel Herguera zuzendari eta artista bisual donostiarraren Sultanaren ametsa.

Guztira, hiru izendapen ditu Manhattanen bizi den Dog txakur bakartiaren bizipenak kontatzen dituen lanak. Film luze onenarenaz gain, soinu diseinu eta jatorrizko musika onenaren atalean dago, baita ikusizko garapen onenarenean ere, Hergueraren ipuin feminista bezala.

Film laburrak ere sendo

DigiPen Europe Bilbao eskolako Pablo Rios ikaslearen Conej Steps Out animaziozko film laburra da Iberoamerikako Animazioaren Quirino Sarietan izendapen gehien dituen proiektua, lau guztira. Iberoamerikako animaziozko film labur onena izenda dezakete, bertan ere hautagai den To Bird or Not To Bird-ekin batera. Horrez gain, soinu diseinu eta jatorrizko musika onenaren atalean, ikusizko garapen onenarenean, eta animaziozko diseinu onenarenean ere sartu dute film laburra.

Behin betiko finalistak martxoaren 8an (Malagako Zinema Jaialdiaren baitan) jakinaraziko dituzte, eta sari-banaketa ekitaldia maiatzaren 11n izango da.