Getaria zinema zikloa-zinea

Otsailaren 18tik martxoaren 10era bitartean, film bana pantailaratuko dute igandeetan, Iturzaeta aretoan: Bi arnas (Jon Mikel Fernandez Elorz, 2022), Bidasoa 2018-2023 (Fermin Muguruza, 2023), Bizkarsoro (Josu Martinez, 2023) eta Ama ta asunak (June Baonza, 2022).

Getariako Udalak antolatuta, hausnarketa bultzatzea asmoz prestatutako zinema zikoa hartuko du herriko Iturzaeta aretoak. Asteburu honetan ekingo diete saioei, eta Iratxe Sorzabal eta bere ama Mari Nieves Diazen ikuspuntutik torturan sakontzen duen Bi arnas lana pantailaratuko dute. Igandero, 18:00etan film bana eskainiko dute, eta emanaldien ostean jorratutako gaiaz hitz egiteko aukera egongo da proiektuen arduradunekin.

Torturak Euskal Herrian eragindako zauria itxi ez dela ikusaraztea du helburu ikusgai izango den lehen filmak, eta Sorzabalek jasandakoak ezagutaraziko ditu, baita bere amaren sufrikarioa ere. Horiez gain, baina, bestelako ahotsak bilduko dituzte Jon Mikel Fernández Elorz eta Imanol ‘Kima’ Arzuaga proiektuaren sustatzaileek lanean: Nekane Txapartegi asteasuarrarena (1999an torturatua); Paco Etxeberria auzi mediku eta Eusko jaurlaritzak sustatuta Euskal Herrian izandako tortura kasuak ikertu dituen txostenaren egilearena; eta Serge Portelli Versaillesko Dei Auzitegiko magistratu ohia, abokatua eta torturaren kontrako ekintzailearena.

KRITIKA | BI ARNAS: Itxi gabeko zauri baten erditzea

Otsailaren 25ean, aldiz, Bidasoa ibaiaren alde bitan ematen diren migrazio mugimenduak hizpide dituen Bidasoa 2018-2023 dokumentala pantailaratuko dute, bateko zein besteko ekintzaileei ahotsa ematen diena. Harrera Sarea eta Bidasoa elkarteetako ordezkariak, bizia galdu dutenak ere gogoan izango ditu filmak; izena, adina, bidaia eta ametsak, hildako kopuru hotzen atzean dagoen istorioa eta pertsonak ezagutuz, modu honetan tragedia gizatiartuz.

Filmak bigarren emanaldi bat izango du martxoaren 1ean, Iturzaeta herri eskolako LH6. mailako ikasleei eskainitakoa.

KRITIKA | BIDASOA 2018-2023: Migrazio-politika arrazistak hil egiten du

Martxoaren 3an, Josu Martinezek zuzendutako Bizkarsoso filma ezagutzeko aukera egongo da. 1914tik 1982ra bitartean gertatzen diren bost istoriok osatzen dute lana, berriki 2024ko Ikus-entzunezko Argia Sariarekin aitortu dutena. Ahozko lekukotzetan eta idatzitako testuetan oinarrituta, XX. mendeari errepaso soziopolitiko, ekonomiko, kultural eta linguistikoa eman dio Martinezek, euskara jomugan duen oldarraldia aspalditik datorren auzia dela erakutsiz. Euskal Herriko edozein herri izan daiteke Bizkarsoro, eta bertako biztanleak, era berean, euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldun guztiak dira.

KRITIKA | BIZKARSORO: Euskara behar du herriak

Azkenik, June Baonzaren Ama ta asuna dokumentala emango dute martxoaren 10ean, amatasuna ardatz duten sei esperientzia, sei erabaki, jasotzen dituena. Gainera, proiektuarekin lotutako erakusketa ere ikusgai jarriko dute eguerditik arratsaldera bitartean.

Sarrerak eskuragarri

Saio guztiak (ikasleei zuzendutakoa kenduta), 18:00etan izango dira, Iturzaeta aretoan, eta horietara bertaratu nahi dutenek Getariako Turismo Bulegoan erosi beharko dituzte sarrerak. Dagoeneko salgai daude, 3 euroko prezioan. Lau filmak ikusteko bonua ere jarri dute eskuragarri, 10 euroko kostuan. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, sarrerarik saldu gabe geldituz gero, emanaldien egunean bertan aretoan erosi ahalko dira.